2019ko jardunaldiak (argazkia: Mintzola)

Mintzolak Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak egingo ditu ekainaren 4an, Amasa-Villabonan

Soinu artxiboen egitasmo eta esperientziak partekatzeko gunea izango da Subijana etxea. Jardunaldiak jarraitzeko izena eman beharko da ekainaren 3a baino lehen.

Iazko etenaren ostean, Mintzola ahozko lantegiak Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak berreskuratuko ditu berriro ere. Dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren jardunaldiok, eta aurtengoan, soinu artxiboen egitasmo eta esperientziak partekatuko dituzte.

“Soinuzko dokumentazioaren ezaugarrietan begirada jarri eta audio fitxategien bilketa, antolaketa eta zabalkundearen inguruan izandako esperientziak eta kezkak plazaratu nahi ditugu”, azaldu dute antolatzaileek. “Soinu bildumek helburu eta funtzio desberdinak dituzte baliatzen diren esparruaren arabera, eta horregatik, gaiari hainbat ertzetatik begiratzea ahalbidetuko diguten hizlariak gonbidatu ditugu”: batetik, Euskadi Irratiko fonotekari buruz ariko dira Iñigo Ceberio eta Irati Etxezabal; bestetik, euskararen Herri Hizkeren Atlasa aurkeztuko dute Euskaltzaindiako Adolfo Arejitak eta Amaia Jauregizarrek; Jon Eskisabalek Badok euskal Musikaren Ataria aurkeztuko du ondoren; eta segidan sortzaileen eta ikertzaileen esperientzien berri izango dugu, Xabier Erkiziaren eta Marie Bidart-Hirigoyenen eskutik. Egitaraua ikusteko, hemen.

Ekainaren 4an izango da hitzordua, ostiralez, 10:00etatik 14:00etara. Amasa-Villabonako Subijana etxean jarraitu ahal izango dira jardunaldiok, baina baita etxetik ere: modu batean zein bestean, aurretik izena eman beharko da, hemen. Dokumentazio alorreko profesionalek ez ezik, gaian interesa duen edonork eman ahal izango du izena.

Zabaldu: