Euskaraz egiten den ahozko jardunari (euskarazko hizkerari) buruzko ikerketa zientifikoak bultzatzeko xedea du deialdiak.
Azken urteetako ildoari jarraituz, ahozkotasunaren alorrean ikerketa sustatzeko deialdi berriak egin ditu Euskaltzaindiak, Mintzolaren eskutik. Deialdietan, hizkeraren adierazkortasuna da lehentasunezko ikerketa-lerroa.
Lehenengo deialdia iazko azaroan egin zen, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko hamar gradu- eta master-amaierako lan sarituko direla aurten, bakoitzari 1.500 euroko zenbatekoa emanda (2025ean baino bi sari gehiago).
Orain, ikerketa-lanei buruzko deialdia argitaratu du Euskararen Akademiak. Honela, ikerketa-lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuz. Lanen proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke. Nolanahi ere, unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2026ko maiatzaren 31ra artekoa izango da (hautatutako ikerketa-lanak eginda entregatu beharko dira 2027ko otsailaren 26a baino lehen).
Ahozko jardunari buruzko zazpi ikerketa-lerro lehenesten dira deialdi berrietan:
- Eguneroko hizkera: ezaugarriak.
- Eguneroko hizkera euskal komunitatean: corpusaren osaketa, mapak eta diagnostikoa.
- Gaztelera eta frantsesarekiko desoreka euskal gazteen eguneroko hizkerarako adierazkortasunean. Faktore horren eragina hizkuntza-hautuan.
- Hezkuntza araututik eta arautu gabeko hezkuntza edo aisialdi antolatutik eguneroko hizkerarako adierazkortasun-baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.
- Hedabideetatik eguneroko hizkerarako baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.
- Euskalkiak eta estandarra ahozko hizkeraren funtzioetan: jardunbideen azterketa eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak.
- Hitanoaren diagnostikoa eta hikako moldearen erabilera sustatzeko bideak eta tresnak.
Deialdian parte hartzeko informazioa, hemen.