Euskaraz egiten den ahozko jardunari (euskarazko hizkerari) buruzko ikerketa zientifikoak bultzatzeko xedea dute deialdi berriek. Honela, bi deialdietan.
Azken bi urteotako ildoari jarraituz, ahozkotasunaren alorrean ikerketa sustatzeko deialdi berriak egin ditu Euskaltzaindiak, Mintzolaren eskutik. Deialdietan, hizkeraren adierazkortasuna da lehentasunezko ikerketa-lerroa.
Lehenengoan, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko zortzi gradu- eta master-amaierako lan sarituko dira (bakoitzari 1.500 euroko zenbatekoa emanda); bigarrenean, berriz, ikerketa-lan monografikoak hartuko dira kontuan eta bi sari banatuko dira, bakoitza 3.000 eurokoa.
Gradu- eta master-amaierako lanei dagokionez, deialdira aurkeztu daitezkeen egitasmoak 2023-2024 ikasturtean defendatuko diren lanenak izango dira, eta lanen egitasmoak PDF formatuan eta e-postaz bidali beharko dira ondoko helbide elektronikora: mintzola@euskaltzaindia.eus. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2024ko apirilaren 30ra artekoa izango da. Hautatutako ikerketa-lanak eginda entregatu beharko dira 2024ko irailaren 30a baino lehen.
Ikerketa-lanak
Deialdi honetan ikerketa-lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuz. Lanen proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu ahal izango dira. Nolanahi ere, unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu beharko du proiektua. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2024ko maiatzaren 31ra artekoa izango da, eta hautatutako ikerketa-lanak eginda entregatu beharko dira 2025eko otsailaren 28a baino lehen.
Oinarriak hemen: www.euskaltzaindia.eus/mintzola/ikerketa/
Era berean, deialdiaren inguruko alderdiei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara bidali beharko dira: mintzola@euskaltzaindia.eus.