(argazkia: Kultur Sharea)

Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra euskaltzain oso izateko proposatu dute

Otsailaren 25ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egingo den Osoko bilkuran jakingo da Xabier Kintana euskaltzain emerituaren lekua berak beteko duenetz. Kintana emeritu izatera igaro zen iazko urrian, 75 urte egin ostean.

Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egin den Osoko bilkuran, Miren Agur Meabe idazlearen (Lekeitio, 1962) izena aurkeztu dute euskaltzain oso izateko hautagai. Akademiak gogoratu duenez, Xabier Kintana emeritu izatera igaro zen 2021eko urrian, eta hilabete horretan Gasteizko Etxezarra eraikinean egindako Osoko bilkuran zabaldu zen hautagaiak aurkezteko epea. Euskaltzaindiaren barne-arauen arabera, hutsarteak betetzeko proposamenak ondoko bi batzarretan aurkez daitezke (kasu honetan, azaroan eta urtarrilean).

Horretara, eta Euskaltzaindiaren arautegiaren arabera, otsailaren 25ean egingo den Osoko bilkuran, euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, euskaltzain oso berria aterako da hautagaia. Bilkura hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan izango da.

Euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok, gutxienez, izenpetu behar dutela ere gogorarazi dute. Eta, proposamenarekin batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dituzte xeheki. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek hautagaiak bozkatzeko aukera izaten dute.

Meabek Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi zituen eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan aritu zen hainbat urtetan. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia.

Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema liburuengatik; eta Euskadi Saria hiru aldiz erdietsi du, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazteentzako nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da, eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik.

Literatur itzulpengintzan ere badabil idazle lekeitiarra. Besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren eta Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskarara.

Ohorezko aitortzen artean, Lauaxeta Saria (2007), Rosalia de Castro (2012) eta Deia-Hemendik (2015) aipatu behar dira. Bere testuetako batzuk hainbat hizkuntzatara eta braillera itzuli dituzte. Euskaltzain urgazlea da 2006tik.

Zabaldu: