Lekeitiarrak Hezurren erretura liburua aurkeztuko du eta hainbat literatura-ekitalditako protagonista izango da, Guadalajara eta Mexiko Hirian, abenduaren 1era arte. Maite Gurrutxaga, Raisa Alava, Elisabeth Perez Fernandez eta Arrate Rodriguez ilustratzaileek ere azokako nazioarteko ilustrazio foroan hartuko dute parte.
Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokak (Mexiko), FIL Guadalajara izenez ezaguna, euskal literaturako figura nabarmenetako bat hartuko du aurtengo edizioan. Miren Agur Meabe idazlea, hain zuzen. FIL Guadalajara sektoreko ekitaldi garrantzitsuenetakoa da nazioartean eta Iberoamerikar literaturaren hitzordu nagusia, urtero ehunaka idazle eta hainbat mila profesional eta irakurle biltzen dituena.
Euskal idazleak Hezurren erretura (Susa, 2020) eleberria aurkeztuko du FIL Guadalajara-ko programa ofizialean. Halaber, azokako beste hainbat ekitalditan hartuko du parte, baita hitzordu horren harira Guadalajaran eta Mexiko Hirian egingo diren zenbait jardueratan ere. Bere agenda komunikabideetan elkarrizketa eta agerpenekin osatu du Etxepare Euskal Institutuak euskal literaturari ikusgaitasun eta oihartzun gehien emateko helburuz.
Meabek honako aurkezpen hauetan hartuko du parte Guadalajara eta Mexiko Hirian: azaroaren 29an, 11:00etan. Ecos de la FIL. Preparatoria de Jalisco; azaroaren 29an, 19:00etan. Impronta Casa Editora. Liburuaren aurkezpena Carla Faesler editore eta idazlearekin; azaroaren 30ean, 19:00etan. E Aretoa, Nazioarteko Arloa, Guadalajarako Erakusketa. Hezurren erretura liburuaren aurkezpena Sisi Rodriguez idazlearekinK; eta abenduaren 1ean, 19:00etan. Casa Tomada, Mexiko Hiria. Hezurren erretura liburuaren aurkezpena Paula Abramo poetarekin.
Hezurren erretura euskal literaturaren munduan ibilbide luzea egin duen idazle baten azken lana da, Meabek berak itzulia. Eleberriak kontatzen du heldutasun betean dagoen emakume batek oroitzapenetan: eskola-egunak, familia-giroa, jolasak, nerabezaroko jarduerak… bere nortasunaren aztarnak nola bilatzen dituen.
Nazioartean liburuaren sektoreko ekitaldirik entzutetsuenetako batean euskarazko literatura-sorkuntzari ikusgarritasuna emateko xedearekin, Etxepare Euskal Institutuak FIL Guadalajaran euskal idazleen parte-hartzea sustatzen du 2011tik, mexikar eta nazioarteko publikoari azken urteotan arrakasta nabarmenak lortu dituen literaturara hurbiltzeko aukera eskainiz. 2021eko Uxue Alberdiren parte-hartzeak lekukoa hartu zien Kirmen Uribe, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Anjel Lertxundi edo Eider Rodriguez bezalako idazleei.
Euskal ilustratzaileak FILustra foroan
Aurtengo edizioan, euskal ilustratzaileek ere protagonismoa izango dute FIL Guadalajaran. Izan ere, Maite Gurrutxaga, Raisa Alava, Elisabeth Perez Fernandez eta Arrate Rodriguezek azokaren baitan egiten den FILustra Nazioarteko Ilustrazio Foroan parte hartuko baitute Euskal Irudigileak (Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionala) eta Etxepare Euskal Institutuak sinatutako hitzarmena medio.
Bederatzigarren urtea betetzen du argitalpen-eremu honetan interesa duten ilustratzaile, ikasle eta profesionalentzako foro espezializatu honek. Mexiko eta Iberoamerikako ilustratzaileentzat bilgune izateaz gain, hitzaldi, tailer eta mahainguruak eskaintzen ditu programak ilustratzaileak trebatu, ideiak trukatu eta jarduera honen joerak partekatzeko. Testuinguru horretan, Maite Gurrutxaga, Raisa Alava, Elisabeth Perez Fernandez eta Arrate Rodriguezek hainbat mahaingurutan hartuko dute parte, Iberoamerikako beste ilustratzaile batzuekin batera.