(argazkia: Euskal Idazleen Elkartea)

Miren Agur Meaberen ‘Itsasoaren atea’ nobelak irabazi du Mikel Zarate haur literatura saria

Epaimahaiak kontakizunaren hari guztiak “bikain josteko abilezia” azpimarratu du, eta “hizkuntza jori, dotore eta adierazkorra”.

Miren Agur Meabek idatzitako Itsasoaren atea nobelak irabazi du 2020ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Julen Gabiriak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak. Lekeitioko idazleak 3.000 euroko saria jasoko du eta liburua, berriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko du.

Orotara hogeita bi lan lehiatu dira edizio honetan, epaimahaiaren arabera, “horietako dozena erdi bat maila handikoak ”, horien artean dago Meaberen lana. Itsasoaren atea izeneko istorio honek XIX. mendera eramango gaitu, Atlantikoan kokaturiko Île Cormoran edo Ubarroien uharte asmaturiko batera, eta hor hainbat abentura kontatuko dizkigu: amodio debekatuak, pasadizo sekretuak, ihes egindako espetxeratuak, iragarle dohaina duten andrazkoak, gorrotoak eta misterioak… “Literatura erromantikoaren gustua dakarkiguten motibo eta gaiak, azken batean”. Kontakizunaren hari guztiak “bikain josteko abilezia” azpimarratu du epaimahaiak, eta “hizkuntza jori, dotore eta adierazkorra”.

Meabek Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi, eta irakaskuntzan (Bilboko Kirikiño ikastolan) eta testuliburugintzan (Giltza argitaletxean) aritu zen hainbat urtetan. Gaur egun idazletzari emana bizi da. Sari ugari irabazi ditu, bai helduentzat eta bai haurrentzat. Iaz Hezurren erretura ipuin bilduma kaleratu zuen eta aste honetan bertan, Begiak zerumugan poema liburu ilustratua aurkeztu du Ane Pikaza ilustratzailearekin batera.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, “Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez”, eta hamaikagarren ekitaldia izan da aurtengoa. 
Lur Gallastegik irabazi zuen duela bi urte, eta iaz saria hutsik utzi zuen epaimahaiak.

Zabaldu: