Egitasmoak euskal ondare etnografikoa berrinterpretatzea du helburu, Igartubeiti eta San Telmo museoetako bildumen bitartez, erlezaintza, heriotza, argizaria eta hitzaren inguruko praktika sinbolikoak berraktibatuz.
Igartubeiti Baserri Museoak eta San Telmo Museoak, lankidetzan, Gordailuaren (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) aholkularitzarekin sustatutako etnografia ondarea ikertzeko eta zabaltzeko Galbahe bekaren epaimahaiak aho batez erabaki du bere lehen edizioan Miriam Montano de Juani eta Telmo Sanchez Ugalderi esleitzea beka.
Ikerketa-proiektu honek erleen eta euskal landa-bizimodu tradizionalen arteko harreman historiko-kultural konplexua aztertuko duen erakusketa-instalazio eskultoriko eta etnografiko bat garatzea proposatzen du.
Hala, bi ikerlarien proposamena premisa partekatu batetik abiatzen da. Beraien esanetan, “erleak baliabide-iturri izateaz gain (eztia, argizaria, polinizazioa), solaskide sinboliko ere izan dira, baserriko bizitzaren zati aktibotzat jotzen zituen kultura-egitura baten barruan. Ikuspegi horretatik, proiektua bat dator Donna Harawayren pentsamenduarekin, bereziki “ahaideak egiteko” [making kin] proposamenarekin, gizakiaz harago, erleengan aliatu ekologikoak ez ezik, lagun afektiboak, memoria-eramaileak eta beste mundu-forma batzuk eraikitzeko subjektuak ere aitortuz”. Sinbolikoaren eta biologikoaren, erritualaren eta sentsorialaren arteko sinkronia da proiektu honen muinetako bat.
Egitasmoak euskal ondare etnografikoa berrinterpretatzea du helburu, bi museoetako bildumen bitartez, erlezaintza, heriotza, argizaria eta hitzaren inguruko praktika sinbolikoak berraktibatuz.
Memoria gorpuzteko gailuak
Sanchezek garatutako ikerketa-ildoa erlezaintza tradizionalarekiko erlezaintza sinbiotiko horri lotutako objektuetan oinarrituko da. Bere asmoa elementu material eta sinboliko horiek berriz konfiguratzea da, esanahi berriak emateko. Objektu horiek, jatorrizko funtzionaltasunetik abiatuta, gaur egungo narrazioetatik irakurtzeko aukera emango duten azalpen-testuinguruetan birkokatuko dira, genealogia berriak, errituala eta etxekoa ulertzeko beste modu batzuk aztertzeko aukera irekiz. Proiektuaren helburua da artefaktu horiek memoria gorpuztuko gailu gisa aktibatzea, objektuaren materialtasuna proiektatzeaz gain.
Montanok, bere aldetik, erleei zuzendutako hitzera bideratuko du bere lana: pertsona maite bat hiltzen zenean xuxurlatzen ziren antzinako formuletara. Bere hurbilketa metodologia etnografiko esperimental batetik abiatzen da, ez dokumentaziora mugatzen dena, baizik eta entzuteko, bilketa afektiboko eta aktibazio poetikoko praktika gisa hedatzen dena. Metodologia honek artxiboa eta asmakuntza uztartzen ditu. Miriamek artxiboko materialekin lan egingo du (argazkiak, idatzizko testigantzak, ahozko dokumentuak) ez erreproduzitzeko, berrinterpretatzeko baizik. Artxiboko irudia eta testua forma material berrietan zatitu, berridatzi eta bergorpuztuko dira.
Zianotipia kolektiboko sormen tailerra
Bekak irauten duen sei hilabetetan, ekaina eta azaroa bitartean, ikerketaz gain, zianotipia kolektiboko sormen tailer bat egingo da. Bertan, parte hartzeko dinamika bat ere proposatuko da, eta bertaratutakoek, azaldutako objektuekin interakzioan aritzeaz gain, saiakuntza poetiko labur bat egin ahal izango dute.
Aldi berean, eta ikerketa artistikoaren prozesua amaitzeko, kartografia bisual eta poetiko bat garatuko da argitalpen gisa, Telmo eta Miriamen ikerketa indibidualen emaitzak bilduko dituena. Atlas sentikor horrek eskultura, irudia, artxiboa eta hitza konbinatuko ditu, gizakiaren eta ez-gizakiaren, erritualaren eta garaikidearen, materialaren eta ikusezinaren arteko harremanen berrirakurketa kritikoa eginez.