(argazkia: Bertsozale elkartea)

Mixel Aire ‘Xalbador II’ hil da, 81 urte zituela

Hiru aldiz aritu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta hirutan irabazi zuen Nafarroako Txapelketa: 1980an Lesakan, 1985ean Leitzan eta 1988an Iruñean. Larunbatean izango da hileta, goizeko 11:00etan, bere jaioterrian, Urepelen.

Bertsozale elkarteak webgunean jakitera eman duenez, Mixel Aire ‘Xalbador II’ zendu da, 81 urte zituela. “Xalbador bertsolariaren eta Leonie Etxebarrenen semea zen Mixel Aire Etxebarren. Urepeleko Xalbadorrenean sortua, ofizioz artzaina izan zen aita bezala. 1976an Marie-Michele Bethart urepeldarrarekin ezkondu zen eta hiru alaba izan zituzten: Miren, Amaia eta Paxkalin, euskal kantagintzako Aire ahizpak hirukotea.

Xalbador bertsolaritzan aritu izan zen bertsolari eta gai-emaile gisara ere. Hazparnen kantatu zuen lehen aldikotz 1967an Fernando Aire ‘Xalbador’, Mattin Treku, Jon Lopategi eta Txomin Ezpondarekin batera. Bat-bateko sariketa eta txapelketa askotan parte hartu izan zuen, batez ere Nafarroako txapelketan (17 aldiz 1980-1996 bitartean), eta Xilaban 2008 eta 2010 urteetan. Bertso jarriak ere idatzi izan zituen trumilka, eta Ameriketan bakarrik bertsoa sariztatua izan zen 1969. urtean.

Elkarteak nabarmendu duenez, “oso idekia izan da lagunarteari eta ainitz izan dira bere etxolatik pasa diren jendeak. Ohargarria izan da nola bertsolari maitagarri hau gurutzatu izan den beti belaunaldi gazteekin”.

Mixel Aireren hileta larunbatean izango da, goizeko 11:00etan, bere jaioterrian, Urepelen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna