Modak distantzia soziala ekarri zuen garaia gogora ekarri nahi izan du Errenteriako Jantziaren Zentroak

Udarari begira, Zentroak gaueko bisita gidatuak eskainiko ditu lehendabizikoz. Guztiak larunbat gauean izango dira, uztailaren 18an eta abuztuaren 8an eta 22an, iluntzeko 22: 00etatik aurrera.

Errenteriako Jantziaren Zentroak laugarren erakusketa iraunkorra zabaldu berri du. COVID 19aren ondorioz hiru hilabetez itxita egon ondoren. Hala, Iraultza dantza taldeak iraganerako gonbitea egin nahi izan du, eta bidaia horretan, pertsonen arteko bi metroko distantzia aurrez indarrean egon zela ikusiko dugu, hain zuzen ere, XIX. mendearen erdialdean modak, elkarren artean hurbil egotea eragotzi zuen.

“Garai Viktoriarrean” (1845-1869) gertatu zen, krinolinak, bi metro baino gehiagoko diametroa zuen armazoiak, emakumeen gonak harrotu eta distantzia ekarri zuenean. Industria garai betean, urtean milaka krinolina egiten ziren, armazoi merkea izanik, gizarteko klase guztietara zabaldu zen. Kapitain-etxearen bigarren solairuan garai horretako 13 emakume jantzi ikus daitezke, jatorri ezberdinekoak: Lapurdi, Donostia, Frantzia, Erresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuak.

Bigarren solairuan, Jantziaren Zentroak bi erakusketa ezberdin proposatzen ditu. Ezkerreko aretoan, 15 jantziren bildumak modaren historiaren errepasoa egiten lagunduko digu, 1740an hasi eta 1949ko ezkontza-soineko batekin amaituko dugu ibilbidea. Azken jantzi hori Donostiako Zabala Ibarbia familiak Jantziaren Zentroari dohaintzan iaz emandako pieza da. Areto berean ikusgai dauden jantzien artean: XVIII. mendeko zenbait pieza, 1900eko dantzarako soineko bat, eta 20, 30, 40 eta 50 hamarkadetako lau soineko, hamarkadako bana.

Solairu berean, eskuinean, zazpi uniforme ikusiko ditugu. “Lehen begiratuan uniforme militarrak direla pentsa genezake, itxura hori baitute”, adierazi dute Jantziaren Zentroko arduradunek. Zazpitik bost Asteko Maiordomoen uniformeak dira. Hauek Errepublika garaiara arte gortean bizi ziren zibilak ziren, gehientsuenak goi mailakoak: kondeak, dukeak….

Jantziaren Zentroan ikus daitezkeen jantziak Alfontso XIII.aren erregealdikoak dira, 1914-1928 urte bitartekoak. Seigarren jantzi bat, Etxeko eta Ahoko aitoren semearen uniformea da, aurrekoak baino garrantzia txikiagoko pertsonaiak ziren, baina, era berean, erregearen entzunaldi eta bazkarietan laguntzen zutenak. Azkena enbaxadore jantzia da.

Zazpi uniformeak Imanol Elizechea Errenteriarraren bilduma pribatuko jantziak dira. Elizecheak urtebetez utzi dizkio jantzi horiek Zentroari, jendaurrean erakutsi ahal izateko. Helburua, Asteko Maiordomoak zeintzuk ziren, eta historian izan zuten lekua ezagutzea da.

Gaueko bisitak

Udarari begira, Jantziaren Zentroak gaueko bisita gidatuak eskainiko ditu lehendabizikoz. Guztiak larunbat gauean izango dira, uztailaren 18an eta abuztuaren 8an eta 22an, iluntzeko 22: 00etatik aurrera. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da jantziarenzentroa@errenteria.eus helbidera idatziz edo Errenteriako turismo bulegora deituz 943 49 45 21 telefonora.

Zabaldu: