(argazkia: Euskaltzaindia)

‘Molac’ legearen ondorioez eztabaidatu da Baionako Herriko Etxean

Eneritz Zabaleta Zuzenbideko doktoreak frantziar konstituzioa aldatzea ezinbesteko jo du, aurreikusten diren aukerek ez dutelako biderik uzten, eta “konstituzioa aldatu gabe, ziurgabetasunean izango garelako beti”.

Euskal Konfederazioak eta Euskaltzaindiak jardunaldi zabala antolatu dute, Molac legea deritzonak ekarri dituen ondorioak aztertu eta etorkizunak lekarkeena irudikatzeko.

Baionako Herriko Etxean elkartu dira eta langintza akademikoaz harago, Euskaltzaindiak euskararen normalizazioan duen ardura nabarmendu du Andres Urrutia euskaltzainburuak jardunaldiaren hasierako ekitaldian, eta harekin batera, paradigma aldaketa ozen eskatuz ekin dio Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayk Hizkuntzen ondarea babesteari eta sustatzeari buruzko legea hizpide izan duen mintegiari. “Esklerosi mota bat da gure instituzioek gai honen inguruan daukatena”, azaldu du Etchegarayk, eta gaineratu frantziar Estatua herrialde bakarra dela “Turkiarekin batera, Europan hizkuntzen aldeko karta berretsi ez duena”. Denborarik galdu gabe, Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeak baliatu eta hautagai guztiak gaiaren gainean luketen posizioa garbi adieraztera bultzatu beharko liratekeela proposatu du.

Euskal Erakunde Publikoko lehendakari Antton Curutcharryk, berriz, zedarri edo “memento historiko” gisa deskribatu du Molac legea, frantses elebakar diren eskualdeetako ordezkariek ere aldeko bozka emanik, “aldaketa nabarmenaren seinale bihurtu delako”. Legearen zentsuratzeak Ipar Euskal Herrian “inoiz ez bezalako batasuna” eragin duela ere nabarmendu du, “herritarrak, hautetsiak, hezkuntzan diharduten elkarteak, denak, banderola beraren atzean ikusi baitugu”.

Paul Molac Bretainiako diputatuak gaur arteko prozesua xehatu du bere hitzaldian, eta adierazi bere xedea “harritxo bat sartzea” izan dela, eskualdeetako “sarraila batzuk apurtzeko”. Molacek jardunaldian behin eta berriz ondorioztatu dena aldarrikatu du, alegia, Frantziako konstituzioa aldatu beharra, “baldin eta eskualdeetako hizkuntzak egoera zibilean sartzean lortuko bada”. “Nirea itxaropen mezua da” nabarmendu du aurrera begira jarri dela, gutxiengoak batuz, gehiengoa lortuko litzatekeelako. “Askok esan didate denbora galtzea zela legea egin nahia”, aipatu du azkenik, “baina egiten ez diren borroka guztiak dira galtzen”.

Eneritz Zabaleta Zuzenbideko doktoreak frantses legearen paradoxak aletu ditu, bereziki murgiltze eredu pedagogikoari eta frantses hizkuntzak bere egiten ez dituen zeinu diakritikoei arreta jarrita, baita zenbait konponbide praktiko nondik nora lor litezkeen aipatu ere. Zabaletak, aurretik izan diren hizlari guztien antzean, frantziar konstituzioa aldatzea ezinbesteko jo du, aurreikusten diren aukerek ez dutelako biderik uzten, eta “konstituzioa aldatu gabe, ziurgabetasunean izango garelako beti”.

Zabaldu: