Liburuak hiru ataletan multzokatu dituzte: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bana gehitu diete.
Haur eta gazte literatura irakur gida 2024 izenpean, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak iaz euskaraz argitaratutako haur eta gazteei zuzendutako 294 liburuen sailkapena biltzen dituen argitalpena sarean jarri du. Hamabi lagunek osatutako lantaldeak urteko argitalpen guztiak irakurri, aztertu, eta hiru ataletan multzokatu dituzte: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bana gehitu diete.
Edizio honetarako parte hartu dutenak dira Olga Jauregi (Aramaioko Udal Biblioteka), Laida Zubia (Bergarako Udal Biblioteka), Oskar Loiti (Eskoriatzako Udal Biblioteka), Jasone Erostarbe (Legazpiko Udal Biblioteka), Marina Etxegoien eta Arantzazu Ibarrondo (Oñatiko Udal Biblioteka), Edurne Urbiztondo, Garbiñe Txintxurreta eta Joxe Otaduy (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskola), Ana Etxeberria (Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskola), Nerea Alzola eta Eunate Arebiotorre (Mondragon Unibertsitatea). Mondragon Unibertsitateko Marikarmen Apraiz, berriz, koordinatzaile lanetan aritu da. Aurtengo azalaren diseinua Lehen Hezkuntza graduko Amets Sanz ikasleak egin du, eta maketazioa Naroa Garayar Lehen Hezkuntza graduko ikasleak.
Liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia
Gidaren sarreran, egileek eurek azaltzen dituzte lan egiteko modua eta liburuak sailkatzeko erabili dituzten irizpideak: “Haur eta gazte literaturaz 2024. urtean euskaraz publikatu dena irakurri, gure irakurketak kontrajarri eta hizkuntzaren erabilpena, kalitate literarioa, gaiari ematen zaion tratamendua… kontuan izanda baloratzen ditugu”. Liburu guztiak irakurri ondoren, hiru ataletan multzokatu dituzte lanak: “Liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bat gehitzen zaie”.
Adin-taldeka ere sailkatu dituzte liburuak, baina azaldu dute zenbaki hori “orientagarria” baino ez dela: “Agertzen den adina orientagarria besterik ez da, bilakaera-erritmoak, haurren zaletasunak, etab. sailkaezinak baitira. Gure ustez, haurrek liburuen aukeraketa librea egitea oinarrizkoa da, eta irakurketaren grina sortzeko, funtsezkoa”.
2024ko gida (PDF): Literatur gida 2024