21 kantuz osatuta, betiko estiloari eutsi dio taldeak lan berrian: hitz surrealistak, ironikoak eta umoretsuak pop melodiez lagunduta.
Mozorro gaua izeneko diskoa kaleratu du Kau Kori Kurak. Azken urtean taldeak banaka plazaratu dituen kantuak jasotzen ditu lan berriak hiru abesti berrirekin batera, denetara 21 kantu bildu dituzte.
Animese Martinez, Ciclos Iturgaiz eta Elurretan taldeetan aritu ondoren, Mikel Aizpurua Ordiziako musikariak sortutako proiektua da Kau Kori Kura. 2015ean hasi zen kantuak bideo formatuan Youtubera igotzen, aurrenekoa Erronkariera abestia. Hitz surrealistak, umoretsuak eta ironikoak, pop melodia jostariekin nahasten ditu Kau Kori Kurak.
Dagoeneko lau disko kaleratu ditu taldeak; 2015-2017 (2017), Andra-gixonak (2018), Gaur ni, bihar zu (2018) eta azkena Mozorro gaua. Lan berria gaurtik aurrera dago entzungai eta eskuragarri Spotifyn eta bandcamp-en.
Kalore pizza donner Mozorro gaua diskoari hasiera ematen dion kantua da eta runba katalanaren aitzindariei omenaldi bat da.