(argazkia: Mukuru)

Mukuru musika festa egingo dute abenduaren 28an, Urretxu-Zumarragan

Musika industria hegemonikoari alternatiba bat eskaini nahi diote, sortzailearen eta publikoaren arteko harreman gertukoa eta horizontala eskainiz.

Mukuru kolektiboak antolatuta, abenduaren 28an, Mukuru festa egingo dute Urretxu-Zumarragan, Kkinzona, Eltzekondo, eta Urretxu-Zumarragako Gaztetxearen laguntzarekin.

Ekimena 2017an sortu zen, euskal herriko musikari ezberdinak biltzeko asmoz. Helburua musikari horien jarduna kolektibizatzea da, proiektu ezberdinen bitartez. “Indarrak batu eta gure sorkuntzak zabaltzeko asmoz sortu dugu Mukuru. Musika industria hegemonikoari «alternatiba bat» eskaini nahi diogu, sortzailearen eta publikoaren arteko harreman gertukoa eta horizontal batekin. Gure musika bihotzetik egina da, elkar lagunduz, maitatuz, goxatuz, gozatuz…”

Jaialdi honetan Mukuru zigilupean bi urteotan argitaratutako diskoez gain, bilduma berri bat argitaratuko da, talde bakoitzaren abesti banarekin. Hurrengo egitasmoen berri ere emango dute eta egun guztian zehar zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango dela iragarri dute, “kalean hasi eta gaztetxean jarraituz”. Bakarlari eta proiektu akustikoekin hasi, eta talde formatuekin amaituko da festa oholtzan, bidean sorkuntza berri eta harrigarri asko entzuteko aukera izango dela ere nabarmendu dute antolatzaileek.

Egitarauari dagokionez, 12:00etan, Peru Galbete, Iturria, Isuo ta Kezman eta Paxkal Irigoyen arituko dira kaleetan barna. Arratsaldeko 19:00etan berriz, Gaztetxera egingo dute jauzia Hatxek eta Ekhi Lambertek eta 23:00etan Klak!son eta Txost! taldeek.

Zabaldu: