Mäirü (argazkia: Errobi Festibala)

‘Mundu Amestuak – Batutos-en Sinfonia’ ardatz hartuta, abiatuko da bihar Errobi Festibala Itsasun

Besteak beste, ikastaroak, dantzaldiak, kontzertuak eta solasaldiak izango dira igandera bitartean.  

Uztailaren 17tik 20ra bitartean egingo da Errobi Festibalaren 29. edizioa Itsasuko Atharri zelaian. Julen Achiary Ezkandrai elkartearen ordezkari eta zuzendari artistikoak adierazi duenez, “aurten, gure ardatza Mundu Amestuak – Batutos-en Sinfonia izanen da. Gomitatzen zaitugu amets eta sorkuntzetan murgiltzeko, amets eta hunki daitekenaren erlazioa esperimentatzeko”

2025eko edizioak “irudimenen eta errealitateen arteko mugak eta erlazioak galdezkatuko ditu. Musika, dantza, olerkia, ekai-arteen bitartez, Errobiko Festibalak mundu oniriko batera eramanen zaitu, sorkuntzak eta zentzumen ilusioak biziaraziko”, gaineratu du Achiaryk.

Egitaraua

Jaialdiari hasiera emateko Rebecca Roger Cruz kantaria Atharriko oholtzara igoko da. Ostiralean T.I.M. folk taldearen txanda izango da eta Coral Rojo taldeak Andeetako polifonia sorkuntza aurkeztuko du. Azkenik, Muzungu hirukoteak dantzaldi afro-nomada eskainiko du.

Euskal Herriko musikariei dagokienez, Mairu talde ziburutarra festibaleko lehen egunean izango da. Soinu elektroniko, etniko eta folkak uztartuz, bazter hipnotikoak agertzen eta aldatzen diren bidai musikal eta barnekoi batera eramaten dute publikoa, entzuleak eta gorputzak trantze lurrintsu batean murgilduz.

Xiberoa kantuz loraturik ikuskizunaz ere gozatzeko aukera egongo da edizio honetan.  Ikus-entzunezkoak eta musika nahasten dituen esperientzia honek Zuberoako kantu tradizionalak eta ikuspegi garaikidea uztartuko ditu taula gainean. Emanaldian, Maddi Oihenart, Beñat Achiary, Ihitz Iriart, Julen Achiary, Mixel Etxekopar, Eliane Heguiaphal, Didier Teillagorry, Mikel Perez, Pierre Vissler eta Jordi Cassagne izango dira protagonistak.

Guzti honetaz gain, aurtengo edizioan ikastaroak, dantzaldiak eta solasaldiak, besteak beste, izango dira igandera bitartean.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna