Mundu osoko 21 hiritan egingo da Korrikarekin lotura duen ekimenen bat

Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sarearen baitan eta euskal etxeetan egitarau bereziak antolatu dituzte AEK-ren ekimenarekin bat egiteko

Ostegun honetan hasiko da Korrika Hitzekin lelopean. Amurriotik abiatuko da eta apirilaren 10ean amaituko da Donostian. Guztira 2.500 kilometro egingo dituzte Euskal Herri osoan barrena. Baina, beste behin ere, Korrikaren mezua mundu osora zabalduko dutela iragarri dute, mundu osoan barrena baitaude euskararen aldeko lasterketa erraldoi honetan modu batera edo bestera parte hartu nahi duten euskaltzaleak.

Hala, 21 hiritan egingo da lasterketa erraldoiarekin lotura duen ekimenen bat, Etxepare Euskal Institutuak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Europan, 12 hiritan (Alemanian, Erresuma Batuan, Polonian…) eta zazpi Hego eta Ipar Amerikan, nagusiki, AEBetan eta Mexikon. Asian eta Ozeanian, berriz, Tokion eta Sidneyn antolatu dituzte ekintzak bertako euskal etxe eta unibertsitateek.

Munduan zehar dauden euskal etxeek 14 Korrika antolatu dituzte. Etxepare Euskal Institutuak harreman estua du haiekin, euskal etxeetan euskara irakatsi dadin sustatzen baitu, bai Euskara Munduan programaren bidez, baita material didaktikoa bidaliz ere. Institutuaren unibertsitate sarearen baitan, berriz, 12 Korrika antolatu dira.

Horrela, Institutuak azken edizioetan egin duen bezala, Korrikarekin bat egingo du aurtengoan ere, euskararen aldeko mezua munduan zehar zabaltzeko. Nazioartean Korrikak sustatzeaz gain, bideo lehiaketa bat antolatu du euskal etxeetako eta unibertsitate sareko ikasleen artean, eta Korrika Munduan gunea babestuko du Donostiako Zuloaga plazan, apirilaren 10ean, egitasmoaren azken egunean.

Zabaldu: