(argazkia: Loraldia)

‘Munduari begiratzeko’ modu berri bat Bilboko Loraldian

Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek, Rafa Ruedak eta Jon Cañaverasek Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna berreskuratu dute, zenbait berrikuntzekin. Martxoaren 13an Bilboko Loraldia Festibalean eskainiko dute.

2003ko udaberrian Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinek  Zaharregia, txikiegia agian musika eta poesia ikuskizuna aurkeztu zuten New Yorken. Uribek sortutako poemak, Urdangarinen musikarekin, gizaki garaikidearen kezkak erakusten zituzten.

Ondoren, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek lagunduta, diziplina ezberdinetako sortzaileen laukotea (poesia, abestia eta rock alternatiboa) osatu zuten eta hainbat lekutan taularatu zuten ikuskizun hura.

Bi hamarkadaren ostean, ikuskari horren izpiritua berreskuratu nahi izan dute, Munduari begiratzeko izenburupean. Ikuskizuna zenbait berrikuntzarekin dator. Oholtzan Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda izango dira, Jon Cañaverasek lagunduta. Gainera, Alphax estudiok garatutako ikus-entzunezkoak uztartuko dira modu zirraragarrian. “Zentzumen-bidaia bat izango da, egungo munduari irakurketa garaikide bat egiten diona, errotuta dagoen euskal tradizioan oinarrituta”.

Adierazi dutenez, “nahiz eta urteak igaro diren guztientzat eta esperientziak pilatu diren, sentitzeko eta munduari begiratzeko modu hori erakutsiko dugu beste behin ere”.

Antziña Folken estreinatu zuten abenduan eta martxoaren 13an Loraldia Festibalean izango dute hitzordua, Arriaga Antzokian. Emanaldi hau ospakizun bilakatu nahi dute sortzaileek.

Hala, Ez onena agian, ez ederrena agian kantatuko diote euskarari eta eguneratuko dute sormenaren konpromisoa. “Mugarri bat izan zena mugarri izatera dator, berriro ere”.

Izan ere, aurtengo Loraldia Festibalak bere 10. urteurrenean poema beretik hartu izan du lema, Munduari begiratzeko modu bat.

Zabaldu: