Izenburua Munduari begiratzeko kantatik dator eta bidaia tematiko, musikal eta piktoriko bat da. Ikuskizuna arratsaldeko 19:30ean taularatuko dute Gasteizko Principal Antzokian, Aitzina Folk jaialdiaren barruan.
Munduari begiratzeko Kirmen Uriberen poesia, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Jon Cañaveras eta Bingen Mendizabalen musika eta Mikel Valverderen artea uztartzen dituen multimedia ikuskizun berria da. Izenburua Munduari begiratzeko kantatik dator eta “bidaia tematiko, musikal eta piktoriko bat da, koloretako mihise bizi bat”, dio taldeak. “Euskal Herriko portuetatik hasi eta munduko beste kaietara doana, eta bizitzaz mintzo da, aita arrantzalea faltan botatzen duen haur lotsatiaz, gerra galdu zuen emakumeaz, soinekoak etxean josten zituen transaz, hildako adiskide minaz, pertsonaren inperfekzio zoragarriez, erbesteaz, bakardadeaz, amets zoroez, maitasunaz eta adiskidetasunaz”.
2003ko martxoan bildu zen estreinako aldiz Urdangarinek, Mendizabalek, Uribek, Ruedak eta Valverdek osatutako taldea New Yorken, Bowery Poetry Club mitikoan. Bertan, poesia, musika eta margoa euskaraz biltzen zuen Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna estreinatu zuen boskoteak. Urte hartan bertan izen bereko disko-liburua ere kaleratu zuten Gaztelupeko hotsak diskoetxearen eskutik. Lana, gainera, Bob Holmanek eta Mary Snyder-ek 2004. urteko munduko poesia audiorik onenen artean hautatu zuten.
Hala, taldea 2004an bueltatu zen New Yorkera, eta esperientzia hartan oinarrituta Arkaitz Basterra zinemagileak Agian, Maybe izeneko dokumentala aurkeztu zuen 2006ko Donostiako Zinemaldian. 2014an, Jainko txiki eta jostalari hura (Elkar), bigarren CD-liburua argitaratu zun taldeak. Euskal Herriaz gain, Estatu Batuak, Irlanda, Eskozia, Iberiar Penintsula, Alemania eta Mendebaldeko Sahara aldean ibili da boskotea. Orain, berriz elkartu dira Munduari begiratzeko ikuskizun berria taularatzeko.
Munduari begiratzeko ikuskizuna gaur estreinatuko dute, arratsaldeko 19:30ean, Gasteizko Principal Antzokian, Aitzina Folk jaialdiaren barruan.