Munduko estatuen araua berritu du Euskaltzaindiak

2007az geroztik munduko estatuetan gertatu diren aldaketak jasotzeko eguneratu da araua: estatuen izen ofizialetan gertatu diren aldaketak, hiriburu-aldaketak eta hizkuntza ofizialetan izan diren aldaketak jaso dira.

Akademiak azaldu duenez, azken eguneratze handia 2007an egin zuten. Geroztik, hiru eguneratze txiki egin dira bakarrik: 2008an, Kosovo estatu berria sartzeko; 2011n, Hego Sudan estatu berria sartzeko; eta 2012an, Asgabat, Taxkent, Bixkek, Duxanbe eta Nuakxot hiriburuen izenen grafiak eguneratzeko, alfabeto zirilikoa eta arabiera transkribatzeko emandako arauekin bat etorrarazteko.

Oraingoan, 2007az geroztik munduko estatuetan gertatu diren aldaketak jasotzeko eguneratu da araua: estatuen izen ofizialetan gertatu diren aldaketak, hiriburu-aldaketak eta hizkuntza ofizialetan izan diren aldaketak jaso dira. Bestalde, Mendebaldeko Sahara eta Palestina sartu dira estatuen zerrendan, oin-ohar banarekin, adierazteko haien estatu-izaera ez dagoela erabat onartua nazioartean.

Berrikuntzen artean dugu, besteak beste, araua beste era batera antolatzearena: hiriburuen zerrenda erantsi da, eskuratzeko eta kontsultatzeko errazagoa izan dadin.

Eguneratzeaz gainera, informazio osagarri gehiago erantsi da. Gaztelaniazko eta frantsesezko ordainez gainera, ingelesezko ordainak ere ematen dira orain. Eta, estatu-izenen hiru erdaretako formak ematen diren modu berean, hiriburu-izenen erdal ordainak ere erantsi dira, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, orain arte ez baitziren ematen.

Aldaketak ikusteko hemen.

Zabaldu: