(argazkia: Vital Fundazioa)

Munduko film labur onenak Gasteizera hurbiltzeko asmoz, iCOOF jaialdia sortu dute

Lehenengo edizioa apirilaren 4tik 9ra bitartean izango da. 

Munduko film labur onenak jendeari hurbiltzeko asmoz, iCOOF jaialdia sortu dute Gasteizen. Apirilaren 4tik 9ra bitartean egingo dute lehen edizioa eta hiria munduko zinema-panoraman jartzea eta nazioarteko zinemagileentzako filmaketa-plato izan dadin sustatzea ditu helburu. “Ohikoa da film laburren zuzendari asko film luzera pasatzea eta euren istorioak filmatzeko agertoki egokien bila ibiltzea. Gasteizek eta Arabak filmaketak hartzeko duten ahalmena handia da, aurreko urteetan frogatu den bezala”, adierazi dute antolatzaileek. Ildo horretan, mundu osoko zinemagileak erakarri eta hiria kanpora proiektatuko duen plataforma izan nahi du jaialdiak.

Lehen edizio honetan, lehiaketaren nazioarteko atala informatiboa izango da, eta jaialdirik onenetan eta saririk entzutetsuenetan gehien saritutako film laburren aukeraketa bat eskainiko da. Bigarren ediziorako, berriz, lehiaketaren ardatz izango den nazioarteko sail bat izatea aurreikusi da, eta zuzendariei Gasteizera etortzeko gonbita egingo zaie.

Lehen edizioak sail ofiziala ere izango du, Estatu espainiar mailako film laburrez osatua. Atal honetan 30 minututik beherako fikzio, dokumental eta animazio lanak onartuko dira. Horrez gain, euskal eta euskarazko film laburrak sustatzeko eta tokian tokiko lanetarako gune propioa egongo da, Euskotarrak atalean. Araban egindako lanak Arabarrak sailean ikusi ahal izango dira.

Zinemaldiak, atalen emanaldiez gain, film laburren zuzendariak protagonista izango dituzten solasaldiak ere izango ditu saioen ondoren, zuzendariek lehen pertsonan hitz egingo dute beren lanei buruz. Era berean, hainbat jarduera paralelo izango dira jaialdian, Gasteiz bisitatuko duten ikus-entzunezkoen munduko pertsona ospetsuekin.

Kepa Sojo eta Sonia Pacios dira jaialdiaren zuzendari artistikoak, zuzendaritzan, gidoigintzan, zinema-ekoizpenean eta kultura ekitaldien antolaketan aritutako zinemagile arabarrak.

Jaialdiak 7.500 euro banatuko ditu saritan, lehiaketako kategoria guztien artean:

iCOFF-GASTEIZ sari nagusia: 2.500 euro + garaikurra

Fikzio onena: 1.000 euro + garaikurra

Dokumental onena: 1.000 euro + garaikurra

Animazio onena: 1.000 euro + garaikurra

Euskal film labur onena: 500 euro + garaikurra

Euskarazko film labur onena: 500 euro + garaikurra

ARABA Arabako film labur onena: 500 euro + garaikurra

Publikoaren saria: 500 euro + garaikurra

Zabaldu: