Zea Mays, Xabi Aburruzaga, Zukan hirukotea, Pascal Gaigne, Niña Coyote eta Chico Tornado, Maite Larburu, Bilboko Kafe Antzokia, Euskal Barrokesemble, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa, Dupla eta Baloreak saritu dituzte.
Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egin da Musika Bulegoa 2020 sariak banatzeko ekitaldia. Bertan, hamaika musika talde, artista, erakunde zein proiekturen lana aitortu dute.
Zea Mays taldea, Xabi Aburruzaga trikitilaria, Zukan hirukotea, Pascal Gaigne, Niña Coyote eta Chico Tornado, Maite Larburu musikaria, Bilboko Kafe Antzokia, Euskal Barrokesemble, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa, Dupla eta Baloreak saritu dituzte.
Ekitaldia martxoan egitekoa zen, baina atzeratu egin behar izan zuten COVID-19aren eraginez. Hala, ekitaldian, kultura segurua dela aldarrikatu nahi izan dute eta horretarako, indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriak zorrotz bete dituztela azpimarratu dute. Ilaski Serrano kazetariak gidatuta, zuzeneko musika ere izan da ekitaldian. Publikoak Xabi Aburruzaga trikitilari eta konpositorearen melodiez, Zukan hirukotearen lanaz eta Duplaren musika kontzeptualaz gozatzeko parada izan du.
Saritutako hamaika proiektuek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bat jaso dituzte.
Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak sortu ditu Musika Bulegoa sariak, zeinak Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntza baitu.