Musika esperimentalari eskainitako lehen jaialdia abiatuko da bihar Donostiako Tabakaleran

Musikaren, soinuaren eta praktika artistikoen arteko bidegurutzean kokatzen den jaialdi hau larunbatera arte luzatuko da.

Tabakalerak Musika dena eta ez dena festibalaren lehen edizioa hartuko du uztailaren 13tik 15era bitartean. Bertan, musika jolasgune bihurtuko da, musika diren eta ez diren egitasmoak sartu eta ateratzen diren agertoki bat. “Musikaren, soinuaren eta praktika artistikoen arteko bidegurutzean kokatzen den jaialdia da orain aurkezten den hau”, azaldu dute antolatzaileek.

Musika dena eta eszena programaren jarraipen gisa sortu da festibal berri hau. Azken bi urteetan arte biziei espazio bat eskaini die lan-ildo horrek Tabakaleran, artea eta musika egungo gizartearen ezagutza kritikorako ezinbesteko elementuak izan daitezkeela agerian uzteko.

Scala: Making conversation

Jaialdia bihar abiatuko da Scala proiektuaren barruan datozen hilabeteetan Tabakaleraren eskailera nagusian entzun ahal izango den soinu-instalazio berriaren inaugurazioarekin. Crys Cole artista kanadarrak Ubud Balin (Indonesia) 2019an egin zituen gaueko entzunaldi-saioetan oinarritzen da Making conversation. Balin egindako grabazioak eta Tabakalerarako berariaz garatutako soinu-konposizioa entzuten zituen bitartean sortutako marrazki automatikoekin eta horien zirriborroekin batera aurkezten da soinu-pieza. Marrazkiak eta soinua tandemean sortu dira, etengabeko prozesu batean elkarri lotuz. Making conversation aurtengo urriaren 22ra arte egongo da entzungai eta ikusgai.

Making conversation sortzeko lan-prozesuan sakontzeko, Oier Etxeberria Tabakalerako programa publikoen arduradunarekin hitz egingo du Colek hilaren 13an bertan, Z aretoan, 19:00etatik aurrera. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Jaialdia hirira zabalduko da

Bigarren egunean, uztailaren 14an, ostirala, Musika dena eta ez dena festibala Tabakaleratik hiriko beste toki batzuetara aterako da. Arratsaldeko 18:00etan Alex Mendizabalen Dar Eman_Dar Dar – Tremolatore instalazioaren inaugurazioa izango da Jacques Cousteau plazan. Donostiako Aquariumaren gaineko zelaigunean instalatutako piezaren elementu nagusia zinta-harpa bat da, “begiratzen dion paisaiaren berri ematen duena, ikusten dena eta kulunkatzen den bitartean entzuten dena nahastuz”. Mendizabalen soinu instalazioa uztailaren 16ra arte bisitatu ahal izango da.

Koruko Andre Mariaren Basilikak hartuko du eguneko bigarren proposamena: Occam XXV (2018), Eliane Radigue konpositore frantsesaren organo bakarlariarentzako lan bakarra. Frederic Blondy piano eta organo jotzaile, konpositore eta inprobisatzailearekin batera sortutako pieza da, eta zuzenean interpretatuko du Blondyk berak 19:30etik aurrera.

Uztailaren 15ean, larunbata, jaialdia Tabakaleraren eraikinera itzuliko da, musikatzat hartzen dena eta ez dena agerian uzten duten hainbat proposamenekin.

Andre Zigarrogileen plazan, Sarah Rasinesek familiei zuzendutako tailer bat eskainiko du goizean, Kaseteak hackeatzea: musikari ausartentzat zinta magnetikoak manipulatzeko gida izenpean, cassetteen zinta magnetikoak benetan nola funtzionatzen duen eta musika egiteko dituzten berezitasunak nola ustiatu daitezkeen ikusteko. Aldez aurretik izena eman beharko den tailerra amaitu ondoren, parte hartzaileek kontzertu bat eskainiko dute.

Lehenengo solairuko Z Aretoan Giraria – 9 bat baxu erdi ahotsaren inguruan instalazio-kontzertuaz gozatu ahal izango da, Alex Mendizabalek espazio horretarako bereziki sortu duena Amelia Cuniren ahotsak lagunduta. Obra globo handi bati lotuta airean zintzilik dauden bederatzi tonu baxuko mintzek edota membranazko perkusio-instrumentuk osatzen dute. Instalazioa 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara aktibatuko da. Sarrera librea izango da.

Jaialdiari amaiera emateko, 21:00etatik aurrera Tabakalerako Patioak hiru kontzertu hartuko ditu: Debris Stevenson, crys cole & Oren Ambarchi eta Kamilya Jubran & Werner Hasler. Stevensonek musika, mugimendua, letrak, poesia eta testua nahasten dituen emanaldi batekin hasiko du kontzertua. Cole eta Ambarchik osatutako bikotearekin, berriz, musika elektroakustikoaren txanda iritsiko da eta, amaitzeko, Kamilya Jubran & Werner Haslerrek lirikotasunaren ikuspegitik egindako proposamen batekin helduko dira Tabakalerara. Ahotsa inprobisazioan oinarritutako era guztietako soinu elektronikoekin eta akustikoekin uztartuko dute euren saioan, azken 20 urteko kolaborazioan zehar trebatzen ari diren bide berari helduta. Kontzerturako sarrerak Tabakaleraren webgunean eskuratu ahal izango dira 10 euroren truke.

Zabaldu: