Jaialdiak 70 emanaldi inguru eskainiko ditu eta naturan inspiratutako musikaren historian zehar ibilbide bat egitea proposatuko du.
XXI. Musika-Musica jaialdia egingo da martxoaren 4tik 6ra, Bilbon. Hiru egun horietan musika klasikoko 70 kontzertu emango dituzte natura gaitzat hartuta. Emanaldi gehienak Euskalduna Jauregian egingo dira, baina baita Bilboko Alondegian, EHUko Bizkaia Aretoan eta Arriaga antzokian ere. Azken honetan, martxoaren 4an, 19:00etan, Haydinen Kreazioa eskainiko da hasierako kontzertu gisa. Emanaldi hau Robert Howarh-ek zuzenduko du Bilboko Koral Elkartearekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera.
Hala, aurtengo edizioak ibilbide bat proposatuko dio publikoari, naturan inspiratutako musikaren historian zehar, eta han aurkituko ditu musika klasikoko obrarik esanguratsuenetako batzuk, hala nola Vivaldiren Lau Urtaroak, Haydn-en Kreazioa, Richard Strauseen Alpetar Sinfonia, Beethovenen Pastorala, Sain Saëns-en Animalien Inauteria, Mahler-en Lurraren Kantua edo Copland-en Apalachian Spring.
Baina antolatzaileek zehaztu dutenez, natura ez da garai jakin batekoa soilik izango, baizik eta ibilbide bat Berpizkundean hasi eta gaur arte, musika eta eszena adierazpen garaikideenetara arte: Vivaldiren Lau Urtaroak DJ batekin agertokia partekatuz eta nola ikusi ahal izango den egun horretarako propio diseinatutako bideo-sorkuntza bat, Daniel Oyarzabalek organorekin eta Miriam Hontanak biolinarekin joko dutena Euskalduna Jauregian, martxoaren 4an, 20:45etik aurrera.
Horretaz gain, Bilboko Alkate Juan Mari Aburtok aurreratu duenez, “musika auzoetara ere iritsiko da, musika proposamen deszentralizatu eta ibiltari baten bitartez, auzotarren harridura eraginez hiriko kale eta plazetan”.
Sarrerak bihartik aurrera (otsailak 16) eskuratu ahal izango dira. Egitarauaren xehetasun guztiak eta ordutegi eta prezioen gaineko informazioa jaialdiaren webgunean dago eskuragarri.