Emakumeak musikaren industrian duen egoera gizarteratzeko eta gaur egun dauden genero ezberdintasun egoerei erantzunak emango dizkieten ekimenak sortzeko asmoz dator aurten ere Musik / Fem ekimena
Solasaldi batekin hasiko da bigarren edizioa urriaren 3an, 19:00etan, Kafe Antzokiko goiko aretoan. Lau gonbidatuk musikaren sektorean bizi izan dituzten esperientziak eta egoera desberdinen aurrean duten iritzia kontatuko dute.
Solasaldian Almudena Palaciosek (Keychange, Queremos Entrar, Proyecto Prisma), Cris Lizarragak (Belako), June Calvok (Doktorea Giza Garapenerako Kulturan / Ikertzailea Deusto Cities-en (Deustuko Unibertsitatea) eta Lluís Torrentsek (Razzmatazz aretoa) parte hartuko dute.
Hurrengo egunean berriz, goizeko 11:30ean, Bilborock aretoan Galiziako Agoraphobia rock taldeak master class bat eskainiko du. Ekimen honek talde hasiberriei nahiz interesa izan dezaketen guztiei musika talde batera gerturatzeko asmoa dauka.
Master Class honetan musika talde bat sortzeko, abestiak sortzeko prozesua, entseguak burutzeko dinamika eta birak egiteko baliabideei buruzko azalpenak eskainiko dira. Hainbat kantu zuzenean joko dituzte.
Jaialdiari amaiera emateko, Agoraphobia taldeak kontzertua eskainiko du Kafe Antzokian, urriaren 4ean 20:00etan.
Agoraphobia taldeak indie rock doinuak lantzen ditu eta oraingoan, Incoming noise izeneko disko luzea aurkeztuko du Bilbon. A Coruñako Nakra estudioan grabatu zuten lan hau eta Iago Lorenzok (Furious Monkey House, Amplifier) ekoiztu zuen. Bertan distortsioa da nagusi eta nortasun handiko abesti sendoak batzen ditu.