Musikasteren 48. edizioa “euskal musika sorkuntzaren benetako erakusleihoa” izango da

Urriaren 16tik 24ra bitartean, musika garaikidea, ganberakoa, antzinakoa eta korala entzuteko aukera izango da Errenterian, haurrei zuzendutako jarduera didaktikoekin batera.

Musikasteren 48. edizioa COVID-19aren pandemiak markatutako edizioa izango dela adierazi dute antolatzaileek. Hitzordua maiatzetik urrira aldatu behar izateaz gain, programazioan ere aldaketak egin behar izan dituzte eta, errepertorio sinfoniko koralari eskainitako jardunaldia bertan behera utzi behar izan dutela aitortu du Pello Leiñena Eresbileko zuzendariak. Hala, gaurtik urriaren 24ra bitartean, musika garaikidea, ganberakoa, antzinakoa eta korala entzuteko aukera izango da Errenterian, haurrei zuzendutako jarduera didaktikoekin batera.

Musikasteren edizio hau Eresbil Artxiboaren eta Andra Mari abesbatzaren sortzaileari eskainiko zaio, Jose Luis Ansorenari, eta sorrerako helburuei eutsiko die: garai guztietako euskal konpositoreen obra aurkeztea, antzinako musikatik autore klasikoetara, gaur egungo konpositoreei garrantzi berezia emanez. Horregatik, Musikastek, bere lehen bi kontzertuetan, musika garaikidearen panoraman finkaturik dauden hainbat euskal konpositoreren obrez osatutako programak aurkeztuko ditu.

Musika garaikideari eskainitako lehen kontzertua gaur, hilaren 16an, egingo da eta, bertan, egungo konposizioari eskainitako musikarien belaunaldi oso baten lana laburbilduko da. Felix Ibarrondok, Peio Çabalettek, Ramon Lazkanok, Gabriel Erkorekak, Teresa Catalanek eta Antonio Lauzurikak konposatutako lanak izango dira entzungai. Obra horiek Xare Laborategiak interpretatuko ditu, Txaber Fernandezen zuzendaritzapean. Hitzordua Niessen Kulturgunean izango da 20:00etan.

Luis de Pablori omenaldia

Bihar, urriak 17, egungo musika-sorkuntzaren baitan, konpositore unibertsalenetako bati omenaldia egingo zaio. Nazioarteko ibilbide sendo batekin (Italia, Kanada, Frantzia), Luis de Pablo 51ko belaunaldiaren erreferenteetako bat da. Monografiko honen interpretazioa Sigma Project musika garaikidean espezializatutako saxofoi laukoteak egingo du, pianoaren, perkusioaren eta Alain Maya dantzariaren laguntzarekin. Eszenografia Francisco Javier Larreinak landu du. Hitzordua Niessen Kulturgunean izango da 20:00etan.

Hilaren 18ko jarduna, Santiago Bandak eskainitako organorako kontzertu batekin abiatuko da, Jasokundeko Andre Mariaren parrokian. Jose Maria Beobide (1882-1967) eta Jesus Guridiren (1886-1961) errepertorio organistikoko lanei, aurten ospatzen den ehungarren urteurreneko egileen obra erlijiosoak jarraituko die: Pedro Aranaz (1740-1820), Emiliano Ibarguchi (1920-1996), Javier Bello-Portu (1920-2004) eta Miguel Gonzalez Bastida (1920-2013), besteak beste. Kontzertua amaitzean, Udal Txistulari Bandak eta EMKEk emanaldia eskainiko dute, Koldo Mitxelena ikastetxean, 12:00etan. Miguel Gonzalez Bastida (1920-2013) eta Rodrigo A. de Santiago (1907-1985) eta Severo Aguirre Miramon (1845-1920) bezalako egileen txistu eta bandarako errepertorioa errepasatuko du saioak.

Jose Maria Iparragirre bardoaren jaiotzaren berrehungarren urteurrenean beste bi urretxuar izango dira Musikasten: Gorka Hermosa akordeoi jotzailea eta Jon Maia bertsolaria, zeinak, Urval Ensemble laukotearekin batera, ganbera musikari eskainitako jardunaldiko protagonistak izango dira. Hitzordua urriaren 22an Niessen Kulturgunean izango da, 20:00etan.

Bestalde, Errenteria 700. urteurrena ospatzen ari da aurten. Musikastek garai hartako soinu-paisaia osatuko zuketen doinuak ekarriko ditu gogora, itsasoari lotutako kantak, trobadore baladak, eta Done Jakue bideko doinuak.

Khantoria, antzinako musika taldeak Erdi Aroko Errenteriara eramango ditu entzuleak hilaren 23an, Madalena baselizaren testuinguruan, 20:00etan. Ander Berrojalbizen azalpenek, Lorena Garciaren kantuak, Virginia Gonzaloren organettoak eta Maider Lopezen biolak X. mendetik XIV. mendera bitarteko sonoritateak sortuko dituzte. Euskara eta latina entzungai, Garizuma luzerik, Berterretchen khantoria, Jançu Janto abestietan eta Une mousse de Biscquaye abestietan.

Jose Luis Ansorenari omenaldi korala

Hilaren 24ko abesbatzen jardunaldiak amaiera emango dio Musikasteren aurtengo edizioari eta, horretarako, Jose Luis Ansorena (1928-2019) omenduko dute, “Andra Mari abesbatzaren arima”. Proiekzio handieneko lau abesbatza errenteriarrek hartuko dute parte: Karnaba Otxoteak, Emiliano Ibarguchi, Javier Bello Portu, Jesus Guridi (1886-1961), Josu Elberdin (1976-) eta J. M. Gonzalez Bastidaren (1908-1997) obrak interpretatuko ditu. Gazte-kolorea Zaria Koru Eskolaren eskutik iritsiko da, Landarbaso koralarekin jarraitzeko. Koral horrek Iparragirreri eskainitako Jose Luis Ansorena eta Javier Bello-porturen (1920-2004) lanak interpretatuko ditu. Andra Mari abesbatzak emango dio kontzertuari amaiera, Javier Bello-porturen lanak eta Jose Luis Ansorenak Jesus Guridiren Diez melodías vascas obraren inguruan egindako moldaketa nabarmenduz. Hitzordua Fatimako Parrokian 20:30ean izango da.

Zabaldu: