Musikaz gozatzeko parada uztailaren 30era arte, Elorrion

Hamalau emanaldiz osatutako programa da, eta, batez ere, Pop, Folk, Jazz, Blues edo Rock estiloetako musika entzuteko aukera egongo da.

Elorrion, udan, kultura kalera irteten dela diote Musikaire jaialdia antolatzen dutenek, ez ohiko jaialdia da honakoa, musika, dantza eta antzerkia aire librean uztartzen dituena. Antolatzaileen arabera, programa, mazedonia baten modukoa da. Honetan osagai oso ezberdinak nahasten dira, “beti erakargarriak eta kalitatekoak”; nahasten dira baita arte motak eta jatorriak ere, eta aire irekian zerbitzatzen da. Horregatik Elorrio musikaz gozatzeko eszenatoki ezin hobea bihurtzen dela diote antolatzaileek.

Hala, uztaileko asteburu guztietan jaialdiak musikaz, antzerkiz, dantzaz eta umorez beteko ditu herriko txokorik esanguratsuenak, Plaza, Lariz Jauregia edo Ganondo parkea, hain zuzen ere. Antolatzaileen arabera, “ikus-entzule guztiei zuzendutako hitzordu paregabea da. Lehen mailako artistak eta taldeak bilduko dira diziplina anitzeko estiloen errepertorio zabala eskainiz”.

Hamalau emanaldiz osatutako egitaraua antolatu dute, eta, batez ere, Pop, Folk, Jazz, Blues edo Rock estiloetako musikaz gozatu ahal izango da.

Larunbatean eman zioten hasiera jaialdiari Yllana antzerki-konpainiaren eskutik, eta hilaren 30era arte, Jon Maia eta Pirritx, Porrtx eta Marimotots, David Walters trio, Aldapeko Basque Latin Jazz eta Itziar Yagüe sextet edota Rafa Rueda dira parte hartuko duten talde eta bakarlarietako batzuk.

Egitaraua

Uztailaren 8, 9 eta 10eko asteburuan, #mauriziakezdauinorhil, Jon Maia eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots arituko dira plazan, lehenengo biak 22:30ean eta hirugarrena 19:00etan.

Uztailaren 15ean eta 16an Tcheka eta Rafa Rueda & HamabiHots Abesbatzaren emanaldiak izango dira Ganondo parkean, biak 20:00etan.

Igandean, hilak 17, 19:00etan, dantza garaikideko ikuskizunak izango ditugu Plazan.

Lariz Jauregiak uztailaren 22, 23 eta 24an irekiko ditu ateak lehenengoz edizio honetan, David Walters trio, Aldapeko Basque Latin Jazz eta Itziar Yagüe sextet taldeen emanaldiak jasotzeko, hurrenez hurren, hiruak 20:00etan.

Azkenik, Musikaire Del Neanderthal al Sapiens ikuskizunarekin igoko da oholtzara datorren urtera arte uztailaren 30ean, 22:30ean, Plazako agertokian.

Programazioa eta taldeei buruzko informazio guztia eskuragarri dago www.musikaire.eus webgunean.

Zabaldu: