Musika ikastegiak egitarau berezi bat antolatu du 2021-2022ko ikasturterako, hainbat kontzerturekin eta euskal egileen lanak zabaltzeko asmoz antolatutako beste jarduera mota batzuekin.
Bi hamarkadako ibilbidea egin du Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak eta ospatzeko euskal musika ondarearen berreskuratzean eta zabaltzean duen presentzia indartuko du ikasturte honetan, ikerketari ere arreta berezia eskainiz. “Gure hezkuntza eskaintzaren kalitateak hogei urte hauetan nazioarteko ikasle eta irakasleak erakarri ditu eta gaur egun musikaren hainbat arlotan postu nabarmenak betetzen dituzten profesionalak trebatu ditu”, adierazi du Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak.
Urteurrena ospatzeko, Musikenek kontzertu bereziak egingo ditu 2021-22 ikasturtean zehar. Orkestra ikasketen programazioaren barruan, aipatzekoak dira Musikene Orkestra Sinfonikoak azaroan, otsailean eta maiatzean egingo dituen hiru topaketak. Datorren igandean eta astelehenean, esaterako, Musikene Orkestra Sinfonikoak bi kontzertu emango ditu Donostiako Orfeoiarekin eta Jose Antonio Sainz Alfaro zuzendariarekin, Dvoraken Stabat Mater interpretatuz. Kontzertuak Bilboko Arriaga antzokian eta Donostiako Victoria Eugenian egingo dira, hurrenez hurren.
20. urteurrenaren ekitaldi nagusia otsaileko topaketan egingo da eta “oso berezia” izango dela aurreratu dute, Korean bizi den Unai Urrecho euskal maisuaren zuzendaritzapean diseinatu baita egitaraua, beren urteurrena ospatzen duten euskal konpositoreen musika biltzen duena (Guridi, Sorozabal, Escudero eta Madina).
Azkenik, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren titular den Erik Nielsen izango da zuzendari maiatzaren 14ko emanaldian. Iñargaren hitzetan “kontzertu honek eta azarokoek indartu egiten dute ikastegiak gure herrialdeko kultura erakundeekin elkarlanean aritzeko duen apustu sendoa, eta horregatik ditugu lankidetza hitzarmen ugari, gero eta gehiago”. Amaitzeko, Orkestra Sinfonikoaren kontzertu hauei Bandak eta Sinfoniettak egingo dituztenak gehitzen zaizkie. Sinfoniettak abenduan Bilboko Guggenheim Museoan egingo du emanaldia, TopARTE ekimenaren barruan.
Musikeneko talde handien kontzertuek ospakizun garrantzitsua izango dute baita ere Jazzean. Miren Iñargaren hitzetan “Perico Sambeat handia eta Leioako San Juan Bautista abesbatza izango ditugu, azken hori Basilio Astulez gure irakasleak zuzendua, zuzenean jatorrizko bertsioan (korua eta big band) oso gutxitan entzuten den obra zoragarri bat interpretatuz, Duke Ellingtonen Concierto Sacro, hain zuzen ere”. Bi kontzertu egingo dira: lehenengoa Tolosako Leidor aretoan maiatzaren 13an, eta bigarrena Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan maiatzaren 15ean. Ikasturte honetan zehar Big Bandak nazioarteko artistek zuzendutako beste hiru kontzertu ere emango ditu, hala nola Ilja Reingoud eta Bernard van Rossum. Azaroaren 26an eta otsailaren 18an egingo direnak Musikenen izango dira eta otsailaren 19koa berriz, Baionako Theatre Michel Portal aretoan, Iparraldeko Haizebegi jaialdiarekin elkarlanean.
Ekitaldi hauei irakasleen ziklo bat gehituko zaie urtarrileko ostiral eta larunbatetan, bai eta ohikoak diren bakarlarien edo ganbera taldeen emanaldiak, ikastegiko ikaslez osatuak, guztira urtean ehundik gora emanaldi.
Iñargak nabarmendu duenez, Musikenek 20. urteurrenaren inguruan sendotuko duen beste ildo bat euskal musika ondarearen zabalkundea da, “gure musika eta musikariak gizarteari ezagutzera emateko apustuari eutsiz, Carmelo Bernaolaren musikari osotasunean eskainitako diskoa argitaratu dugu”. CDak Musikeneko irakasle eta maisu arabarraren ikasle izan den Zuriñe F. Gerenabarrenak bere omenez konposatutako obra bat jasotzen du. Gainera, joan den urrian Gure sortzaileak gogoan – Gure konpositoreen legatua izeneko zikloari ekin zitzaion. Lehenengo jardunaldi hura Guridiri eskaini zitzaion, eta 2022an beste hiru topaketa izango dira: Sorozabal (martxoan), Madina (ekainean) eta Escudero (urrian). Ekimen hauei bizirik dauden sortzaileen inguruko argitalpen berriak gehitu behar zaizkie. Eresbilekin lankidetzan hiru hizkuntzatan konpositoreei buruz egiten diren kaierak Ramon Lazkano eta Teresa Catalanekin hasi ziren joan den ikasturtean. Ikasturte honetan berriz Felix Ibarrondo eta Gabriel Erkorekarenak gehituko zaizkie. Zuzendariak adierazi du gainera ikastegiak nazioartean duen presentzia indartu nahi dela. “Nazioarteko mugikortasunean ditugun egitasmoez gain, ikasturte honetan lankidetza dugu Parisko Ensemble Intercontemporain talde entzutetsuarekin, eta ekainean PRIhME proiektuaren kongresua hartuko dugu Europako beste bederatzi ikastegiren partehartzearekin”.