Nabarraldek Euskal Herriko historia ikastaroaren edizio berezia abiatu du

Moduluetako bakoitza itzal handiko historialariek zuzendutakoa da, besteak beste, Joseba Asiron, Idoia Arrieta, Mikel Sorauren edota Jean Louis Davant; eta Nafarroako historiaren mugarriak izan diren gertakarietan sakontzen dute: historiaurretik hasi eta 36ko gerraraino, Orreagako batailatik, 1200 eta 1512ko konkistetatik edota karlistadetatik igarota.

Konfinamendu egoerari aurre egiteko eta ikaskuntza materiala eskuragarri jartzeko beharrak bultzatuta, Nabarralde Fundazioak Euskal Herriko Historia online ikastaroaren edizio berezi bat abiatu du, ekainaren bukaerara arte burutu ahal izango dena. Euskal historiako gertaera eta data gogoangarriak, oroimen lekuak, lurraldetasuna, identitatea, ondarea… Ikastaroan landuko diren alorretako batzuk besterik ez dira. Ikastaroaren ohiko matrikula %30ean beheratu du fundazioak, eta izen-ematea dagoeneko zabalik dago webgunean.

Moduluetako bakoitza itzal handiko historialariek zuzendutakoa da, besteak beste, Joseba Asiron, Idoia Arrieta, Mikel Sorauren edota Jean Louis Davant; eta Nafarroako historiaren mugarriak izan diren gertakarietan sakontzen dute: historiaurretik hasi eta 36ko gerraraino, Orreagako batailatik, 1200 eta 1512ko konkistetatik edota karlistadetatik igarota.

“Ikastaro honek Euskal Herriko historiaren irakurketa orokor eta sintetiko bat eskaintzen du, ikuspegi propio batetik landua”, azaldu du Angel Rekaldek, Nabarralde Fundazioko zuzendariak. “Historia da gizarte batek bere buruaz egiten duen kontakizunaren osagarri garrantzitsuenetako bat. Narrazio argumentatu bat eskaintzen du eta zentzua ematen die gizartearen jatorri, garapen eta baldintzei”. Hala, gaur egungo errealitatean eragina duten gertaera historikoak eta mugarri garrantzitsuenak aztertuko dira bertan.

“Dudarik gabe, ikastaro honetan Nabarraldek oinarri nagusitzat dituen kontzeptuak lantzen dira, eta zoriontzekoa da urtez urte eta edizioz edizio jasotzen duen erantzun eta harrera ona”, azpimarratu du Rekaldek.

Ikastaroa gaian interesa duten edo beraien jarduna garatzeko prestakuntza behar duten irakasle eta hezkuntza munduko profesionalei zuzenduta dago, baita publiko zabalago bati ere. “Azken finean, gure herriaren testuinguru politiko, sozial eta kulturala ulertu nahi duen edonori zuzentzen zaio”.

Ikastaroa, matrikula osatu eta berehala hasiko da. Hala, ikasle bezala alta ematen denetik ekainera bitartean, ikasle bakoitzak bere erritmo propioa markatzeko gaitasuna izango du, betiere irakasleek lagunduta. Ikastaroa e-learning ikaskuntzan oinarritzen da, ikaslea ikaskuntza prozesuan laguntzeko baliabide ugariak eskaintzen dituelarik. Ikasgaiak sarrera bideo batez, ikasgaiaren zuzendariak landutako edukiez eta eduki gehigarriz osatzen da.

Izena emateko hemen.

Informazio gehiagorako hemen.

Zabaldu: