Zangozako Ikastolak kalitatezko hezkuntza euskaldun baten aldeko apustua egiten jarraitu nahi du. Oinez eguna urriaren 20an izango da.
Zangozako Ikastolako ordezkariek urriaren 20an egingo den Nafarroa Oinez festa eta bezperako egitaraua aurkeztu dute. Nagore Oria ikastolako zuzendariak adierazi duenez, duela urtebete Andra Mari Ikastolaren lekukoa “ilusioz eta arduraz” hartu zutenetik, Zangozaldeko euskaltzaleek hainbat ekintza antolatu dituzte auzolanean, Zangozako Ikastola osatzen duten herri guztietan (Kaseda, Aibar, Gabarderal, Liedena, Yesa eta Irunberri) euren helburuak zabaltzeko.
Oriaren hitzetan, “familia gutxiko Ikastola xume batetik abiatuta, gai izan gara auzolanean sare bat sortzeko, urtebetez jarduerak maitasunez prestatzeko, eta jai eta ospakizun egun batean amaitzeko. Horren helburua ikastolen ahotsa altxatzea izan da, euskarari, identitate eta etorkizun gisa, bultzada emateko. Nafarroari eta Euskal Herri osoari erakutsi nahi diegu bide hau aukeratu dugunok bermatuta dugula kalitatezko hezkuntza bat, euskalduna eta kooperatiboa, non emaitzek urtez urte bermatzen gaituzten”.
Urriaren 19ko jarduerekin abiatuko da asteburu osoko egitaraua. Egun horretan, gaiteroek eta txistulariek dianekin esnatuko dituzte kaleak eta, ondoren, Erdialdeko txalaparta taldeak ekitaldien asteburuari eta Artisautza Azokari hasiera emango die. Txalapartariak, hurbiltzen diren guztiei, txalaparta nola jotzen den erakusten egongo dira goiz osoan zehar.
Eguerdian, Berriaren eskutik, Manttangorri tailerra antolatuko da gaztetxoentzat. Zangozako Ikastola eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoa bazkaltzera bilduko dira, eta, ondoren, herriko hainbat txokotan haien diziplinez gozatzeko aukera izango dute: dantzariak, txaranga, elektrotxaranga…
Arratsaldean, Maria Aranda magoak eskainitako Magia eta mirariak familian ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.
Iluntzean, 20:00etan, Mugan pop-rock talde donostiarra arituko da. Ekitaldi guztiak Arkupeetan izango dira.
Oinez eguna
Piztu izenekoa izango da lehen gunea. Honetara, Zangozako banda izango da lehena agertzen. Eguerdian Motxila 21 taldeak joko du bertan eta, ondoren, Mingain Dantzari ikuskizuna izango da. Ortzadar taldeak bazkalostea girotuko du eta Eztitan taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango da. Larrain Dantzarekin itxiko dute eguna. Gune honetan txikienek puzgarriez eta haurren hiriaz gozatzeko aukera izango dute.
Mintzatu izango da bigarren gunea. Egitaraua honetan Gora Musikarekin abiatuko da. Ondoren, Herri Kirolak, Dj Martzel, Ibil Bedi, Anari eta Lumak izango dira. Gainera, tailerrak egingo dira egunean zehar.
Gozatu gunea Falkoneriaren ikuskizunarekin hasiko da eta ondoren Kiki Koko eta Moko. Espazio honetan Leihotikan, Kaleko Urdangak eta Trikidantz taldeak igoko dira oholtzara. Bertan izango dira zezen mekanikoa eta “barredora” ere.
Ibilbidean zehar Ekialde Kantuz, Eskartxa, katxi eta Ilunberriko txarangak, Zangozako eta Irunberriko gaiteroak, Oibar edo Zangozako erraldoiak, Mugarik Gabeko Ttunttuneroak, Xapiru Trikitxa Eskola, Euskal Herriko Joaldunen Biltzarra…
Erronka, Nafarroako hamaika ikastoletako ikasleak biltzen dituen ekimenak, euskara eta ohitura osasungarriak bultzatzeko asmoz, bere protagonismoa izango du eta ibaian hasi, ibilbidetik igaro eta Gozatu gunean amaituko diren lau proba izango ditu. Edizio honetan ere Bernat Etxepare Lizeoaren txarangak eta Dj-ak alaituko dute giroa.
Ibilbideko hainbat puntutan, informazio-puntuak, puntu moreak, osasun- eta edoskitze-eremuak kokatuko dira. Gainera, antolatzaileek telefono zenbakia txikien besoan jartzea gomendatzen dute, eta horretarako errotuladoreak egongo dira zirkuiturako sarbideetan.
Oinezen basoak basora
Zangozako Ikastolak Zangozara hurbiltzeko deia egin nahi die euskaltzale guztiei, ekintza, kontzertu, musika, gastronomia eta bestelako jarduerez goza dezaten, baina jasangarritasun esparru batetik, ingurumena zainduz.
Helburu nagusia ahalik eta aztarna gutxien uztea da. Aurten, berrikuntza gisa, saskiak izango dituzte irteeretan, parte-hartzaileek, ibilbidetik joatean, edalontziak saskiratu ditzaten, eta, horrela, edalontziak modu dibertigarriagoan berrerabiltzea.