Programa jolas dramatikoko eta dramatizazioko programazio didaktiko baten inguruan ardazten da. Jarduera eskola-ordutegian izango da: 50 minutu iraungo du, eta antzerkia oinarri hartuta Lehen Hezkuntzako curriculumean ezarritako edukia jorratuko da.
Ikasturte honetan ere, Lehen Hezkuntzako 1. eta 5. mailako ikasleentzako antzerki-lantegiak antolatuko ditu Iruñeko Udalak, dramatizazioan oinarritutako hezkuntza-proposamen pedagogiko gisa. Programa jolas dramatikoko eta dramatizazioko programazio didaktiko baten inguruan ardazten da.
Eskola-ordutegian antolatzen da jarduera: 50 minutu irauten du, eta antzerkia oinarri hartuta Lehen Hezkuntzako curriculumean ezarritako edukia jorratzen da. Ikastetxe bakoitzaren hautua da programan parte hartzea, baita jarduera zein hezkuntza-mailatan eman nahi duten erabakitzea ere, hau da, 1. mailan edo 5. mailan. Aitzitik, lehen mailako taldeek lehentasuna izango dute.
Denera, 40 prestakuntza-saio emango dira talde bakoitzean, eta ikasleentzako eta irakasleentzako saioak barne hartuko dira: dramatizazioko eta gorputz-adierazpeneko teknikei helduko zaie, eta horrez gain, lantegietan erabiliko diren dramatizazio-jarduerak egiteko baliabide materialak eskainiko dira.
Udalak azaldu duenez, “jolasa eta haurren protagonismoa oinarri hartuta, programak hitzetatik eta idazketatik haratago doazen beste adierazpen-hizkuntza batzuetan sakontzen du, hezkuntza-esperientzia osatuagoa eskaintzeko xedez”. Hain zuzen ere, lantegiaren bidez honako hauek sustatu nahi dira: “norberaren adierazpena, sormenerako gaitasunak eta jarrerak bultzatzea eta harreman pertsonalak hobetzea. Inhibizioak, beldurrak eta konplexuak gainditzea da beste helburuetako bat, baita sentikortasuna, behaketa eta entzuteko gaitasuna hobetzea eta sormena garatzea ere”.
Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez emango dira lantegiak, zentro bakoitzaren hizkuntza-eskakizunaren arabera. Kontratuak lau luzapen izaten ahalko ditu, bakoitza urtebetekoa, 2030eko ekainaren 30era bitarte.