(argazkia: Bertsozale)

Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratzea erabaki du Bertsozalek

2021eko urtarrila eta martxoa artean zen ospatzekoa Nafarroako 45. Bertsolari Txapelketa, baina Covid-19aren pandemiak eraginda, atzeratzea erabaki du antolakuntzak.

“Nafarroako Bertsolari Txapelketa ez da zegokion datetan jokatuko”, halaxe jakinarazi du Nafarroako Bertsozale elkarteak. Bere oinarriak kontsultatu eta egoera aztertu ostean hartu du erabakia elkarteak. “Covid-19aren pandemiak –eta hura kontrolpean hartzeko neurriek– egitasmoaren berezitasunak bermatzea zailtzen dute, eta bereziki jartzen dute ezbaian txapelketaren oinarrizko irizpidea den aukera berdintasuna”. Besteak beste, honako egoerak sortu daitezkela adierazi du Bertsozalek: “bertsolariak konfinatu behar izatea, eta ondorioz txapelketan parte hartzeko aukera galtzea; saiotik saiora epaimahai bera bermatzeko zailtasunak izatea; saio batetik besterako aldaketak saioaren beraren aforo eta ezaugarrietan; eta abar. Gauzak horrela, txapelketa urtarriletik martxorako epean ez egitea erabaki du elkarte antolatzaileak. Pandemiaren bilakaeraren arabera erabakiko da data berria.

Hala ere, kultura segurua dela azpimarratu nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. “Txapelketaren berezitasunak bermatzea zaila da egungo egoeran, baina aukera badago bestelako saio asko antolatzeko. Osasuna bermatu eta bertso saioak antolatzea ez dira bi gauza kontrajarri”. Zentzu horretan, txapelketaren hutsunea Nafarroako bertso plaza sustatzeko baliatuko du elkarteak, aurrerago zehaztuko diren egitasmoen bidez. “Antolatzaile diren gainerako eragileei ere kulturaren aldeko apustuari heltzeko gonbitea luzatu nahiko genieke. Kulturak eta bertsolaritzak merezi dute”.

Transmisio arloan buru belarri
Plazatik harago, bertsolaritzaren transmisioan buru belarri ari da Nafarroako Bertsozale Elkartea. Azken 35 urteetan egin bezala, aurten ere Bertsolaritza Irakaskuntzan egitasmoa jarri dute martxan. “2020/2021 ikasturtean, hain zuzen ere, Nafarroa osoko 47 udalerritako 60 ikastetxetan ariko gara bertsolaritzaren oinarriak irakasten. Guztira, 2.800 ikaslek jasoko dute programa, zazpi irakasle espezialisten eskutik”.

Bertso Eskolek ere asteon ekingo diote ikasturteari. Izen emate epea beteta, haur, gazte zein helduentzako 28 talde osatu dira, Nafarroa osoko hamabost udalerritan. Bertsogintzan sakontzeko gune dira Bertso Eskolak, eskola orduz kanpokoak; horrez gain, euskararekin jolastu eta trebatzeko eta sorkuntza gaitasunak garatzeko gune ere badira.

Bietan, Hezkuntza Arautuan zein Bertso Eskoletan, osasun prebentziorako neurri guztiak bermatzeko konpromisoa hartu du bere gain Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Zabaldu: