(argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Nafarroako Bertsolari Txapelketako sailkatze saioak ostiralean abiatuko dira

Hamabi bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.

Iruñean eginen da lehen saioa, maiatzaren 23an, eta Jauntsaratsen bigarrena, maiatzaren 30ean. Hamabi bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.

Urriaren 4tik azaroaren 29ra bitartean egingo da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Horren aurretik, ordea, bi sailkatze saio jokatuko dira, txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda osatzeko. Maiatzaren 23an Iruñean, eta 30ean Jauntsaratsen jokatuko dira bi saio horiek, eta hamabi bertsolarik hartuko dute parte guztira.

Bertsozale Elkartearen arabera, “txapelketako araudiaren arabera, azken ekitaldian, 2023koan, parte hartu zuten bertsolariek bakarrik dute bermatuta txapelketarako txartela. Sekula parte hartu ez dutenek, edota 2023koa baino lehenagoko edizioren batean parte hartutakoek, sailkatze fasea jokatu beharko dute, txapelketara sailkatzeko. Saioak osatzeko, azken txapelketako azken sailkatuak ere batu zaizkie guzti horiei”.

Hala, hamazortzi bertsolari dira dagoeneko urrian hasiko den txapelketarako sailkatuta daudenak, eta hamabi aurrekanporaketak jokatuko dituztenak. Azken horietatik seik lortuko dute sailkapen txartela -saioetako irabazleak, eta puntuazioaren araberako lehen lauak-, eta beraz, 24 bertsolarirekin abiatuko da txapelketa urrian.

Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Izaro Mitxelena eta Joseba Beltza ariko dira epaile lanetan aurrekanporaketetan.

Sailkatze saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian jarri dituzte salgai. Hauexek dira bi saio horien xehetasunak:

Iruñea. Peña Rotxapea. Maiatzak 23, ostirala, 18:30ean. Bertsolariak: Aitor Irastortza Arrizurieta, Etxahun Azkarraga Fernandez, Jabi Lezaun Landa, Julen Bernaldo de Quiros Royo Berni, Peio Ardaiz Gale eta Xabi Maia Etxeberria. Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo Ferrero.

Jauntsarats. Apeztegiberriko ganbara. Maiatzak 30, ostirala, 18:30ean. Bertsolariak: Amaia Elizagoien Varela, Bittori Elizalde Soto, Endika Legarra Nuin, Fernando Ziganda Urdanpileta, Kattin Madariaga Apaolaza eta Mintxo Astiz Goñi. Gai-jartzailea: Ander Aranburu Arriola.

Zabaldu:

Utzi erantzuna