Akordioaren bidez, Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteetan egindako lanari esker bere aintzatespena eta finantzaketa jasoko ditu.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Euskarabidea-Euskararen Nafarroako Institutuak elkarteak 40.000 euroko hitzarmena sinatu dute 2022an zehar dokumentazioan oinarritutako eta bereziki Nafarroako bertsolaritzan oinarritutako ikerketa lan bat egiteko.
Akordio horri esker, bertsolaritzak Nafarroan uzten duen ondarea biltzeko eta ikertzaileen esku jartzeko elkarteak urteetan egindako lanak erakundeen aitortza eta finantzazioa jasoko du.
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak hitzarmenaren aurkezpenean adierazi duenez, “gogoan hartu behar da Nafarroako Gobernuak, 2018. urtean, Kultur Intereseko Ondasun izendatu zuela bertsolaritza, Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenentzat aitortuz eta zaindu eta transmititu beharreko ondare materiagabetzat hartuz. Orain sinatutako hitzarmen honek bultzada berri bat emango dio helburu horri, bertsolaritzak eragiten duen ondarea jasotzeko eta ondare hori biharko belaunaldi zein ikertzaileen esku uzteko”, gaineratu du.
Urteak dira Nafarroako Bertsozale Elkarteak bertsolaritza geroratzeko helburuari jarraika, dokumentazioa eta ikerkuntza bere jardunaren oinarritzat jo zituela. Ordutik, bertsolaritzak lurraldean eragindako ondarea biltzeko eta dokumentatzeko ahaleginean aritu da. Urtean zehar 200 bat bertso ekitaldi egiten dira Nafarroan eta horien lagin garrantzitsu bat dokumentatzea (audio eta bideo grabazioak, argazkiak, kartelak, saioen transkripzioak, datu bilketa…) erronkatzat du Elkarteak. Era berean, bertsolaritzarekin lotutako pertsonen (bertsolarien, epaileen, gai-jartzaileen, antolatzaileen) biografiak eguneratzen dira urtero eta hemeroteka antolatzen da, besteak beste.
Zeregin horretan, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren ezinbesteko laguntza dute. 1991ean sortua, bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratzen du Zentroak, maila guztietako eta ikuspuntu guztietatik egindako ikerkuntza bultzatzeko helburuarekin. Xenpelarrek ezarritako irizpideen arabera biltzen du ondarea Bertsozalek, Bertsolaritzaren Corpus garaikidea osatuz. Modu horretan, bertsolaritza belaunaldiz belaunaldi transmititzeko oinarrizko funtsa osatzeaz gain, orotariko ikerketak gauza daitezen oinarri dokumentala ezartzen du.