(argazkia: Nafarroako Bertsozale elkartea)

Nafarroako bertsolaritza ikertzeko deialdia jarri du martxan Bertsozale Elkarteak

Uztailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira proiektuak. 4.000 euroko diru-laguntza esleituko zaio hautatzen den ikerketa proiektuari, eta ikertzaile, edo ikertzaile taldeak, urtebeteko epean sortu beharko du proiektua. Nafarroako bertsolaritza edozein jakintza esparru oinarri hartuta ikertu ahalko da.

Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa sustatzeko deialdia jarri du martxan bertako Bertsozale Elkarteak. Azaldu dutenez, “edozein jakintza esparru oinarri hartuta egin beharko da ikerketa, beti ere Nafarroa Garaian gauzatzen den, edo gauzatu den, bertsolaritza ikertzea helburu”.

Gradu amaierako ikerketa proiektuak, master amaierako ikerketa proiektuak zein bestelako ikerketa proiektu monografikoak aurkeztu ahal izango dira deialdira, beti ere unibertsitateko irakasle doktore baten zuzendaritzak bermatuta badira.

Hala, uztailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira proiektuak eskatutako dokumentazioarekin batera. Ikerketan aditu diren lagunez osatutako batzordeak uztailaren 18a baino lehen jakinaraziko du zein izan den proiektu hautatua. Hortik aurrera, urtebeteko epea izango du ikerlariak, edo ikertzaile taldeak, proiektua gauzatu eta ikerketa lana aurkezteko. 4.000 euroko diru-poltsa bat jasoko du horretarako.

Deialdi honen bitartez, Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketa eragiteaz gain, ikertzaile gazteak edo hasiberriak lehen urratsak ematen lagundu nahi ditu Bertsozale Elkarteak.

Deialdiaren oinarriak

Eskaera orria

Zabaldu: