(argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Nafarroako gazteen Bertso Eskolen topaketetan parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute

Internet bidez eman beharko da izena, apirilaren 7tik 26ra bitarte. 2021eko Negulekuetan izena eman zuten ikasleek aukera izango dute apirilaren 4tik 6ra bitarte ere izena emateko.

Nafarroako gazteen Bertso Eskolen topaketak maiatzaren 21etik 22ra egingo dira Arantzan. Bertan, Nafarroa osoko 9 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute bi txandatan: LHko ikasleena bata, eta DBHkoena bestea. Asteburu berean, Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatuko da.

Bertso Eskolen egonaldian izena emateko hurrengo galdetegia bete beharko da apirilaren 7tik 26ra bitartean. Plaza kopurua mugatua izango denez, izen-emate ordena errespetatuko dela nabarmendu du Bertsozalek.

Aisialdia, transmisioaren osagarri

Bertso Eskolen Egonaldiak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen beste hainbat jarduerak bezalaxe, Negulekuak, topaketak esaterako, Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua du. Modu horretan, aisialdiari garrantzi berezia eman nahi dio elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoan eta Bertso Eskoletan) egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.

Egun, 18 urtetik beherako 150 ikasle inguru aritzen dira Nafarroako haur eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen, 25 taldetan. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.

Zabaldu: