Nafarroako ondare filmografikoa berreskuratzeko kanpaina abiatu dute

Tokiko ondarea eta memoria babesteko helburua du egitasmoak.

Nafarroako Filmotekako Artxiboak eta Liburutegi Publikoen Sareak elkarlanean Gure oroimenaren fotogramak kanpaina jarri dute abian. Egutasmo honen bidez Nafarroako ondare filmografikoa berreskuratu nahi dute.

Bi erakunde hauek helburu bikoitza lortu nahi dute: alde batetik, Artxibo Filmografikoak Nafarroako gizartearen dokumentu filmografikoen gordailuzain eta kontserbatzaile gisa egindako lana ezagutaraztea. Eta, bestetik, lurralde osoko liburutegi publikoak Artxibo Filmografikoaren eta formatu desberdinetako etxeko bideoen jabe diren partikularren arteko bitartekari gisa aritzea, tokiko ondarea eta memoria babesteko asmoz.

Horretarako, sustatzaileek gonbita egiten diete herritarrei, bai eta udalei, taldeei, elkarteei, klubei, enpresei eta abarrei ere, beren materialak Liburutegien Sareko 62 liburutegietako batean uztera.

Egitasmo honekin bat egin duten liburutegiak dira: Allo, Altsasu, Andosilla, Antsoain, Añorbe, Agoitz, Arguedas, Artaxona, Azagra, Barañain, Baztan, Beriain, Berriozar, Buñuel, Burlata, Cabanillas, Caparroso, Zarrakaztelu, Cascante, Kaseda, Castejon, Cintruenigo, Corella, Lizarra, Etxarri Aranatz, Faltzes, Fitero, Fontellas, Funes, Fustiñana, Irurtzun eta Larraga.

Horiekin batera datoz Leitza, Lerin, Lesaka, Martzilla, Melida, Mendabia, Mendigorria, Milagro, Miranda de Arga, Monteagudo, Noain, Olatzagutia, Iruña (Civican, Etxabakoitz, Mendillorri, San Jorge, San Pedro, Txantrea eta Yamaguchi), Gares, Ribaforada, Erronkari,  San Adrian, Sarriguren, Tafalla, Tutera, Aranguren, Valtierra, Viana eta Alesbes.

Filmotekako Artxiboak edozein tamaina eta formatuko filmak onartuko ditu: 35mm, 16mm, 9,5mm, 8mm, Super8, magnetikoa –VHS, Betacam…–, DVD, DCP eta disko gogorrak. Gailuak kamerak, proiektoreak, lotailuak izan daitezke, besteak beste. Dokumentu grafikoei dagokienez, aldizkariak, liburuak, kartelak, gidoiak…, eta bestelakoen multzoan harilak, latak edota bazterkinak.

Entrega formalizatzeko bi aukera daude: gordailua eta dohaintza. Lehenengoan, “Gordailugileak nahi duenean ken dezake bere materiala artxibotik”, azaldu dute, eta irudiak jendaurrean komunikatzeko eskubideen jabetza eta titulartasuna erreserbatzen ditu; “horrek esan nahi du beharrezkoa dela gordailugilearen sinatutako baimena, irudiak erabiltzeko eskatzen den bakoitzean”, gaineratu dute.

Bigarren aukeran, “Irudien komunikazio eta erreprodukzio publikorako eskubideak Artxibo Filmografikoaren esku geratzen dira”, argitu dute, “nahiz eta emaileei uneoro emango zaien beren irudien erabilera bakoitzari buruzko informazioa”. Kasu honetan, “Artxibo Filmografikoak materiala betiko gordeko du, eta, beraz, materialaren jabeak bertatik jasotzeko aukera galduko luke”.

Bi kasu bietan, gordailugileek material digitalizatuaren kopia bat jasoko dute, “Eta horri esker, nahi duten guztietan ikusi ahal izango dituzte beren irudiak, bai eta editatu ere, urteurrenak, ospakizunak eta abar irudikatzeko dokumentu berriak egiteko”, argitu dute.

Filmategiaren Artxiboak orain arte Nafarroarekin zerikusia izan duen ondare filmografiko profesional, amateur eta familiar guztia gordetzen du. “Dokumentu horiek zinemaren memoria dira, ohitura eta kultura aberatsa diren lurralde batean, eta helburu nagusiak eduki horiek kontserbatzea, babestea, dokumentatzea eta zabaltzea dira”, gaineratu dute.

Egun, Nafarroako Artxibo Filmografikoak 15.000 dokumentu baino gehiago biltzen ditu.

Zabaldu: