Nafarroan Euskaraldian ahobizi edo belarriprest gisa izena emateko epea zabalik da

Nafarroako hainbat eragilek bat egin du azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialaren bigarren edizioarekin.

Hizkuntza ohiturak astintzea eta euskararen erabilera bultzatzea helburu dituen ariketa sozialaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. Euskaraldian izena emateko epea irailaren 24tik dago irekita eta jadanik  ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartzeko izena eman dezakete horrela nahi duten herritarrek. Nafarroako gizarteari parte hartzeko dei zabala egin diete Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen ari diren erakundeek eta modu batean edo bestean ariketa bultzatzen duten hainbat lagunek.

Uharten egindako agerraldian Euskaraldiaren koordinazioan ari diren eragileekin batera, zenbait erakundetako ordezkariak ere agertu dira. Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Oskar Zapata Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea euskararen nafar institutuko zuzendariak, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak.

Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatutako ekitaldian, Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala dela gogorarazi dute, euskararen erabilera bultzatzeko ariketa. Euskaraldiako partaideak beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen duten rolaren arabera arituko dira 15 egunetan. Aurreko edizioan bezala, bi rol izango dituzte aukeran izena ematen dutenek: Belarriprest, beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak. Euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute; eta Ahobizi, Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dutenak.

Parte hartzeko baldintzak aurreko edizioko berdinak direla azaldu da. Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita ariketa egin ahal izateko.

Izena emateko hiru modu daudela azaldu dute antolatzaileek:

  • eus webgunean
  • Herrietako batzordeek jarriko dituzten informazio gune eta mahaietan
  • Hurrengo egunotan eskuragarri egongo den telefono aplikazioan

Ehunka arigune martxan

Euskaraldia ariketa egiten den artean ehunka izango dira Nafarroan ariguneak sortuko dituzten era guztietako entitateak. Aurtengo berrikuntza nagusia den ariguneen inguruko argibideak eman dituzte antolatzaileek. Euskaraz lasai aritzeko guneak era guztietako entitateetan sortuko direla azaldu dute eta horren adibide modura enpresak, komertzioak, kultur eta kirol elkarteak, gizarte eragileak eta erakunde publikoak daudela aipatu da. Guztira ia 600 zentrotan sortuko dira ariguneak Nafarroako entitateek Euskaraldiaren edizio honetan.

Euskaraldiaren kanta

Ekitaldia baliatu da halaber Euskaraldia ekimena iragarri eta zabaltzeko Broken Brothes Brass Band talde nafarrak egindako kantua aurkezteko. 24/7 izeneko kantua Ion Celestinok konposatu du, Sustrai Colinaren hitzekin.  Ahotsak Skabidean taldeko Lorena Aisa, Claudia Rodriguez eta Idoia Tapiak grabatu dituzte. Ekitaldian bideokliparen emisioa egin da.

Zabaldu: