Indian 2013 eta 2017 urteen artean egindako bidaietan garatutako proiektua da Suzko irudiak.
Metrokoadroka kolektiboak Nagore Legarreta artistaren Suzko irudiak izeneko argazki erakusketa irekiko du maiatzaren 9tik 23ra bitartean, Oiartzungo Ehuntze sormen espazioan. Erakusketa 21 aulki zikloaren barruan izango da, “Nagore Oiartzunen bidelagun ezaguna dugu, sarritan izan baita ekimen ezberdinetan parte hartzen eta herritarrekin tailerrak egiten. Plazera erraldoia da guretzat bere obra 21 aulki ekimenean erakutsi ahal izatea, eta horren bueltan, emanaldiak eta tailerrak antolatzea”, adierazi dute antolatzaileek.
Legarretak berak azaldu duenez, Indian 2013 eta 2017 urteen artean egindako bidaietan garatutako proiektua da Suzko irudiak. “Argazki kamera poxpolo kaxak eta kolorezko negatibo karreteak erabilita eraiki nuen. Kamara akats bat zuela eraiki zen: ez ditu argazki garbiak eta enfokatuak egiten. Beraz, kolorea, argia eta itzalak jasotzera bideratu ziren nire ahaleginak. Eguzkia eta sua oso elementu garrantzitsuak dira erlijio hinduistan. Eguzkia indar bizian jarritako sopletearen sugarraren moduko da, poxpolo kaja zeharkatzen duena, manipulatuko duen lente edo bitartekaririk gabe”.
Proiektua babesteko ekimena
Aurten, proiektua babesteko eta Oiartzunen sortzaileei baldintza duinak eskaini ahal izateko, Artelkarrikzetak lamina proiektua jarri du martxan Metrokoadrokak. Azaldu dutenez, “aldiro bi sortzaile jarriko ditugu artistikoki elkarrizketan, eta lamina berri bat sortuko da. Lamina horiek sinatuak eta numeratuak egongo dira. Lamina bakoitza 20 euroan salduko da, eta diru guztia artistari lan baldintza duinak eskaintzera bideratuko da”. Aurten, Legarretak berak eta Idoia Beratarbidek sortu dute elkarrekin lamina.