(argazkia: Bertsularien Lagunak)

Nahia Etcheverry ainhiztarrak eraman du 2025eko Gazte Xilabako txapela

Larunbatean jokatu zen finala Itsasun eta Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko sei bertsolari gazte aritu ziren kantuan.

Sanoki gela jendez beteta zegoela egin zen larunbatean 2025eko Gazte Xilabako finala, Itsasun. Goizane Etcheverry, Amaiur Aizpuru, Unax Aizpurua, Nahia Etcheverry, Leina Alkhat eta Gana Berhokoirigoin bertsolariak aritu ziren kantuan eta Elixabet Etxandi gai jartzaile lanetan.

Finala goizeko 10:00etan abiatu zen eta bertsolarien agurrak entzun eta ofizio ezberdinetan aritu ondoren, bakarkako gaia izan zuteb kantagai. Bertsularien Lagunak elkartearen esanetan, “ale hunkigarri eta xoragarri batzuk entzun ahal izan genituen”. Hiru lurraldetako hizkuntzaren aberastasunak ere bere islada izan zuen bertsoaldi ezberdinetan eta adibide gisa xuka aritu dira baxenabartarrak ofizio batean.

Azken deliberoa hartu zuten Ramuntxo Christy, Zuhaitz Olazabal, Maindi Murua eta Ainhoa Sarasua epaileek. Lehia estua izan zela argi utzi zuen epaiak, berdinketa gertatu baitzen. Azkenik, Nahia Echeverry Lopepe ainhiztarrak jantzi zuen txapela. Txapela Aritz Bidegain Bertsularien Lagunak elkateko lehendakariak eman zion. Ideia originalena izan zuen bertsoaren saria, aldiz, Unax Aizpuruak eskuratu zuen Marikarmen Albizuren eskutik.

Honenbestez erabakita gelditu da Euskal Herriko eskolarteko txapelketan Ipar Euskal Herria ordezkatuko duten bertsolarien zerrenda: Nahia Etcheverry, Unax Aizpurua, Goizane Etcheverry, Amaiur Aizpuru eta Leina Alkhat arituko dira kantuan ekainaren 14an Arantzako frontoian goizeko 11:30ean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna