(argazkia: Donostia Kultura)

Najat El Hachmi idazleak emango die hasera Donostiako Literaktum Topaketei, maiatzaren 27an

2021eko Literaktum Jaialdia azaroaren 8tik 21era izango da hiriko hainbat espaziotan.

Najat El Hachmi, 2021eko Nadal Literatur Sariaren irabazlea, Okendo Kultur Etxean izango da maiatzaren 27an, 19:00etan. Jarduera honek Literaktum Topaketak ekimenari emango dio hasiera. Jaialdiaren baitan sortutako programa berriari esker, urte osoan zehar ibilbide ezaguneko  eta gaurkotasuneko literatur sortzaileen bisitak izango dira, euren lanak eta proiektuak, irakurleekin parteka ditzaten.

Najat El Hacmik Txani Rodriguez idazle eta kazetaria izango du solaskide eta  El lunes nos querrán, 2021eko Nadal Saria irabazi duen eleberriaz gain, idazle marrokiarraren literatur ibilbideari ere erreparatuko diote.

Eeberriak, zerk egingo duen zoriontsu jakiteko, askatasunaren bila dabilen hamasei urteko neskato baten istorioa kontatzen du. Abiapuntua, berriz, konplikatua da. Ingurune zapaltzaile batean bizi da, eta ez zaio erraza izango handik irtetea prezio handiegia ordaindu behar izan gabe. “ Min eman arren, libre izateko bide zuzenetik irten ziren emakume ausartei” eskaini die lana idazleak.

Najat El Hachmi Marokon jaio zen, 1979an. Zortzi urterekin Bartzelonara joan zen bizitzera eta bertan hazi  eta bizi da. Filologia Arabiar ikasketak egin zituen Bartzelonako Unibertsitatean eta kultur bitartekari eta harrera teknikari izan da, idazle izateari ekin baino lehen. Feminismoak eta Islamak eragin handia izan dute bere lanetan. Bi herrialderen partaide izateak sortzen zion sentipenak eta bi mundu horiek hurbiltzeko borondateak eraman zuten Jo també sóc catalana (Columna, 2004) lehen eleberri idaztera. Hainbat lan ezagunen egilea da, hala nola; hamar hizkuntzatara itzulitako El último patriarca (Ramon Llull Saria, Ulysse Saria eta Mediterranee etranger sarian finalista),  La cazadora de cuerpos, La hija extranjera (Sant Joan de narratiba Saria) eta Madre de leche y miel. 2019an, feminismoa eta Islamaren inguruko Sempre han parlat per nosaltres manifestua idatzi zuen, komunikabide eta irakurleen artean oihartzun handia lortuz.

Txani Rodriguez (Laudio, 1977), bere aldetik, kazetari, gidoilari eta idazlea da eta Los últimos románticos (Seix Barral, 2020) eleberria da bere azken lana. Lo que será de nosotros (Erein, 2008), Agosto (Lengua de trapo, 2013), eta Si quieres, puedes quedarte aquí (Tres hermanas, 2016) eleberriak ere argitaratu ditu besteak beste. Hainbat hedabidetan kolaboratzen du, eta Escola d ‘Escriptura de l’ Ateneu Barcelonès eta ALEA Literatur Elkarteko irakaslea da.

Ekitaldirako sarrera, gonbidapen bidez izango da. Gonbidapenak maiatzaren 26tik aurrera, hau da, ekitaldiaren egunaren bezperatik aurrera eskuratu ahal izango dira Okendo Kultur Etxean. Gehienez bi pertsona bakoitzeko.

Bestetik, pandemiaren eraginez 2020ko edizioa bertan behera utzi behar izan eta gero, 2021eko Literaktum Jaialdia azaroaren 8tik 21era izango da hiriko hainbat espaziotan, beste urte batez, Donostia hitzen hiria bilakatuz.

Zabaldu: