(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

Nami Kaneko japoniarrarentzat da aurtengo Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberriaren japonierazko itzulpenarekin irabazi du saria itzultzaileak; Shinchosha argitaletxeak plazaratu du lana.

Nami Kaneko japoniarrak (Akita, 1984) Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren zazpigarren edizioa irabazi du, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberriaren japonierazko itzulpenarekin. Shigeki Tabata editorearen gidaritzapean, Shinchosha argitaletxeak plazaratu du lana, eta itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute. Gainera, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpenaren sustapenerako.

Kaneko eta Tabata sari emate ekitaldira etorri ezin izan badira ere, telematikoki izan dira Bilboko Euskadiko Artxibo Historikoan antolatu den ekitaldian. Bertan, Bernardo Atxaga idazlea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Inaxio Garro Laboral Kutxako Euskara arduraduna izan dira.

Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena bat saritzeko asmoz sortutako lehiaketan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira. Hain zuzen, Kanekok eta Shinchoshak egindako sustapen lana nabarmendu ditu epaimahaiak: “Itzulpenak Japonian bertan izan duen harrera eta kritika oso onak izan dira. Japoniako Itzulpen Onenaren Sarietan finalista izan da eta hainbat aldizkarik libururik onenen artean txertatu dute”.

Epaimahaiak adierazi duenez, itzulpena “kalitate handikoa” da, eta itzultzaileak “euskarazko lana japonieraz emateko egindako hautuak” azpimarratu ditu. Gainera, Kanekoren ibilbidea bera ere aintzat hartu du, “euskaratik zuzenean itzultzeaz gain, bere ikerketa lana ere arlo horretan egiten ari baita”.

Shinchusha argitaletxeari dagokionez, bere “garrantzia eta literaturan espezializatutakoa izatea” nabarmendu du epaimahaiak. Halaber, inprimatu duen tirada handia azpimarratu du, 4.000 alekoa, Japoniako literatura itzuliaren merkatuan ohikoa den kopuruaren bikoitza. Kontrazalean, Akira Higashiyama idazle ezagunaren gomendioa agertzen da, Ibon Egaña euskal kritikariaren hitzekin batera. Argitaletxeak garrantzia izan du obraren sustapen plangintzan, eta epaimahaiak plan hori ere aitortu nahi izan du.

Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren zazpigarren edizioan honako hauek osatu dute epaimahaia: Inaxio Garro Laboral Kutxako Euskara arduraduna, Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Elizabete Manterola eta Naroa Zubillaga EHUko irakasle eta EIZIEko kideak, eta Beñat Doxandabaratz Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikaria.

Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, “itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede”.

Zabaldu: