Zubillagak Marlen Haushofer idazle austriarraren Horma lanaren itzulpenagatik jaso du gazte literaturaren saria; Apalauzak, berriz, haur literaturaren saria jaso du Laura Brand idazlearen eta Freya Hartas ilustratzailearen Hemen eta orain lana euskaratzeagatik.
Naroa Zubillaga Gomez eta Amaia Apalauza Ollo itzultzaileak dira aurtengo haur eta gazte literaturako euskarazko itzulpen sarien irabazleak. Sariak haur eta gazte literaturako lanik onenak saritzen ditu urtero, eta kategoria bakoitzak 9.000 euroko diru-hornidura du.
Naroa Zubillagak Marlen Haushofer idazle austriarraren Horma lanaren itzulpenagatik jaso du gazte literaturaren saria; Amaia Apalauzak, berriz, haur literaturaren saria jaso du Laura Brand idazlearen eta Freya Hartas ilustratzailearen Hemen eta orain lana euskaratzeagatik.
Hogeita batgarren edizio honetan, guztira, hamalau lan aurkeztu dira, horietatik zortzi haur literaturaren alorrean eta sei gazte literaturarenean. Epaimahaia Karlos Del Olmo Sernak, Ainara Ruiz Benitok, Itziar de Blas Fernandez de Gamarrak, Miren Ibarluzea Santistebanek eta Karlos Zabala Oiartzabalek osatu dute.
Maria Nanclares Euskara zinegotziak azaldu duenez, “2002an eman ziren lehen aldiz sariak. Hauen bidez, irakurzaletasuna sustatu nahi da haur eta gazteen artean, eta itzultzaileen lana saritu.
Sariak bete dituen 21 edizioetan, orotara, 46 itzulpen-lan saritu ditu Gasteizko Udalaren Euskara Zerbitzuak. Aurtengo sariak Euskararen Nazioarteko Egunean banatuko dira, abenduaren 3an, asteartea, goizeko 12:00etan, Izaskun Arrue Kulturgunean.