Natalia Lacunza, Olatz Salvador, La Bien Querida, Maite Larburu eta Neomak talde eta bakarlariek hartuko dute parte Gure Ahotsak ekimenean

Martxoaren 3tik 7ra bitartean emakumezko musikarien bost kontzertu izango dira Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan.

Aurtengoan, bosgarren urtez egingo den Gure Ahotsak ekimenak formatu berrituarekin dator eta martxoaren 3tik 7ra emakumezko musikarien bost kontzertu izango dira Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan. Hala, Natalia Lacunza, Olatz Salvador, La Bien Querida, Maite Larburu bakarlari eta taldeen emanaldiez gozatu ahal izango da.

Ekimena iragartzeko kartela Paula Estevez ilustratzaile eta musikariak egin du eta Gure Ahotsak ekimenean parte hartzen duten emakume musikarien eta haiek jotzen dituzten musika tresnen aniztasuna irudikatzen du.

Donostia Kulturak indarberritu egingo du horrela 2019an, gure lurraldeko emakumezko musikariek duten maila artistiko aparta azpimarratzeko asmoz, abiatu zuen Gure Ahotsak egun bakarreko kontzertua. Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den ekimenak.

2019ko emanaldian Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setien eta Izarok parte hartu zuten; 2020an Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren eta Belako izan ziren oholtzan; 2021ean Idoia, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado eta aurten Ainara Legardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak.

Kontzerturako sarrerak asteazkenean, abenduak 7, jarriko dira salgai Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

Zabaldu: