Erakusketa Donostiako San Telmo Museoko Laborategia aretoan ikusgai izango da 2026ko martxoaren 1era.
Aurten seigarren ediziora iritsi da Artea abian proiektua eta Natalia Suarez Ortiz de Zarate gasteiztarra da aurten parte hartzen ari den artista, aurreko edizioetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak, Kimia Kamvarik, Mikel Otxotekok eta Xare Alvarezek bere lanak aurkeztu ondoren. Kutxa Fundazioak eta Donostiako San Telmo Museoak antolatutako erakusketa programa honek sorkuntza garaikideari protagonismoa ematea du helburu, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez. Hala, Natalia Suarez Ortiz de Zarateren lana ikusteko aukera izango dugu aurten Eszena iluna. Bera esna izeneko erakusketan.
2024-2025 artean sortutako tamaina handiko 7 margo eta 32 marrazki txikik osatzen dute erakusketa. Tamaina handiko gehienek olio-pintura, spray-a eta akrilikoa nahasten dituzte mihisean, eta bada beste bat olio-pintura hutsez margotutakoa. Marrazki txikiak aldiz, boligrafoarekin paperean egindako A4 neurrikoak dira.
Artistak azaldu duenez, “margolan eta marrazki berri batzuk biltzen dira izenburu honen pean, antzerki- edo gidoi-tonua izan dezakeena, gertatzear dagoen ekintza bat iragarriz bezala”.
Aipatu duenez, “pertsonaia femenino bat aipatzen da, eta nahi duenak margolanetan agertzen diren irudiekin lotu dezake, edo artistarekin berarekin, edo ez; fikzioa iradokitzen da konkretuaren aurrean, ikusten denaren aurrean”.
Erakusketa hau osatzen duten lanak, neurri batean, marrazketaren energia eta berehalakotasuna olioz margotzeko prozesu geldo eta metagarrira eramateko asmotik sortu dira. Mihiseetan pintzelarekin igurtzitako lerroen multzoak agertzen dira, eta pintura plano lodiek nahaste hori eusten dute, figura bezala definituz. Hondoak, alderantzikatuta, lehen planoa hartzen du.
Gasteiztarraren esanetan, “prozesuaren hainbat desira eta deriba ez hain kontrolatuek trazu mota ezberdinak edota konbinazio kromatiko zehatzak aukeratzea eragiten dute. Etengabeko istripuaz gain, badago irudiaren mugimendua bilatzeko borondate kontziente bat; baita umorea, erromantizismoa, “ederra” dena, eta kontrakoa ere: atsegina ez dena, arraroa, higuin arina sortzen duena. Hori guztia jasotzeko eta tentsiora eramateko ahalegin bat”.
Erakusketa Laborategia aretoan izango da zabalik 2026ko martxoaren 1era arte, doako sarrerarekin, museoaren irekiera ordutegian.