(argazkia: Bertsiozale Elkartea)

Nazioarteko adituak Iruñeko Bertsolari Txapelketa Nagusian izango dira aurten ere

Abenduaren 18an izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, eta bertako zaleez gain, nazioarteko ikertzaileek eta inprobisatzaileek ere jarraituko dute finala bertatik bertara.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, urteetan eraiki duten harremanen ondorioz, nazioarteko adituak izango dira abenduaren 18an Iruñean, Nafarroa Arenan jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. “Ahozko kantu inprobisatuaren alorrean ekitaldi garrantzitsua da Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta bereziki finalak ikusmin handia sortzen du hemen zein nazioartean”, adierazi du elkarteak. “Munduan badira bertsolaritzaren kasuan bezala hitzaren jolasa maite duten hainbat kantu inprobisatu, eta horiek ordezkatzen dituzten zenbait elkartetako kideak izango dira gure artean: Kataluniako Cor de Carxofa, Glosadors de Mallorca, Galiziako Oral regueifa elkartea, Madeirako Xarabanda eta Sardiniako cantadorien lana sustatzen duen Cordinamentu Artes Musicales et Poèticas de Tradizioni Orali de Sardigna elkarteetako kideak”.

Horietako zenbait gonbidatu ezagunak dira jada gurean; esate baterako, 2016ko Europa bat-batean egitasmoan kantuan parte hartu zuen Maribel Servera glosadorea edota urteetan bertsolarien eta Sardiniako cantadorien zubi-lanak egiteko garaian paper garrantzitsua izan duen eta aurreko zenbait finaletan ere egon den Paulu Zedda. Bertsozalek azpimarratu du, halaber, Galiziako regueifaren eta bertsolaritzaren artean sortutako harremana, Bizkaiko Bertsozale Elkartetik bultzatzen den eta bi lurraldeetako ikastetxeetan garatzen den Regueibertso programari esker; Sechu Sende izango da Galiziako gonbidatuetako bat.

Ikertzaileak ere bai

Kantu inprobisatuan aditu zen John Miles Foley ikertzaileak Bertsolari ikus-entzunezkoan ere adierazi zuen bertsolaritzaren fenomenoaren bakantasuna: “Inoiz ez dut horrelakorik ikusi. 14.000 lagun horrelako emanaldi batean elkartuta, bertan egon behar dutenaren sentimenduak batuta, izan heldu, gazte, gizonezko edo emakume”. Ikertzaileen artean ere ikusmina sortzen du Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalak.

Hala, Iruñean izango dira aurten Korsikako kantu inprobisatua aztergai duen Giovanni Ragni, Brasilgo inprobisatzailea eta doktoregaia den Edmilson Ferreira, puntu kubatarrean aditu den Amaya Carricaburu edota bertsolaritzarekiko interes berezia duten Oviedoko Unibertsitateko Jesus Fernandez antropologoa eta Columbiako Unibertsitatetik datorren Rafael Yuste neurologoa, besteak beste.

Gainera, haiekin izango dira Nevadako Unibertsitateko Renoko Euskal Ikerguneko ordezkariak eta bertako unibertsitateko ikertzaileak, bertsolaritzarekin eta Bertsozale Elkartearekin harremana dutenak: Jon Sarasua bertsolari eta ikertzailea, Nafarroako Unibertsitateko Alfredo Asiain ikertzailea edota EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendaria den eta bertsolaritza generotik ikertu izan duen Jone Miren Hernandez, adibidez.

Zabaldu: