Nazioarteko hemeretzi film izango dira lehian Ikuspuntu Jaialdiaren

Jaialdia apirilaren 20an abiatuko da Iruñean, Alan Berliner-en Benita filmarekin eta hilaren 25ean amaituko da Sergio Oksmanen A scary movie pelikularekin.

Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren Sail Ofiziala ezagutzera eman da jada. Apirilaren 20tik 25era egingo da 20. edizioa Iruñean eta hemeretzi filmez osatuta egongo da egitaraua. Zehazki, zortzi film luzek eta hamaika film laburrek izango dute jaialdiko sariak jasotzeko aukera.

Hautatutako filmen artean, Carlos Casas, Gala Hernandez Lopez, Rocio Mesa, Adrian Canoura, Adria Exposit-Goy, Victor Ladera, lMaryam Tafakory, Sarah Vanagt, Teresa Arredondo eta Tania eta Semillites Hernandez zinemagile eta artisten ekoizpen berrienak daude.

Hala, sail ofizialean 900 film inguruk eman dute izena, eta mundu osoko hemezortzi herrialdetan ekoitzitako filmak biltzen dira sail horretan, besteak beste herrialde hauetan ekoitzitakoak: Argentina, Mexiko, Japonia, Estatu Espainiarra, Qatar, Grezia, Iran, Erresuma Batua, Txile, Italia, Austria, Bielorrusia, Kuwait, Kirgizistan, Grezia, Estatu frantsesa, Portugal edo Belgika. Ekoizpen guztiak estreinaldiak dira lurralderen batean.

Alan Berliner eta Sergio Oksman zinemagileen lanak

Jaialdia apirilaren 20an hasiko da, Benita filmaren emanaldiarekin. Film hori Alan Berliner zinemagile estatubatuarraren film berriena da. Zinemagile horrek askotan parte hartu du jaialdi honen ibilbidearen hainbat unetan. Oraingo honetan, Berlinerrek Benita Raphan zinemagilearen hil osteko erretratua egin du, Raphan-en testu, soinu eta irudietan oinarrituta, egilearen familiak —Berliner haren aholkulari eta lagun izan zen— Raphan-ek amaitu gabe utzitako film labur bat bukatzeko proposatu baitzion. Eskatu ziotena bete ezin zuenez, zuzendariak Raphanek utzitako artxibo pertsonal zabalean —koadernoak, marrazkiak, argazkiak, etxeko filmak eta berrogei disko gogor baino gehiago— murgiltzea erabaki zuen, oroitzapenak eta familia-loturak aztertzen oso trebea zela baliatuta, sorkuntza artistikoari, minari, bakardadeari eta bizitzaren misterioari buruzko gogoeta egiteko. Gainera, Berlinerrek beste jarduera batzuetan parte hartu zuen Txinpartaren esparruan (gazteenei eskainitako atala, laster iragarriko dena), Nafarroako Unibertsitatearekin (UNAV) eta Nafarroako Unibertsitatearen Museoarekin (NUM) lankidetzan.

Aurtengo edizioa apirilaren 25ean amaituko da Sergio Oksmanen lan berriarekin: A scary movie. Proposamen horrek bere filmografia osoan agertzen den eremu intimo eta familiarrean kokatzen du berriro zinemagile brasildarra. O futebol (2015) dokumentalean, bere aitarengana hurbiltzeko bidaia bati ekin zion Brasilen; orain, ordea, Oksman Portugalera joan da oporrak Nuno semearekin batera igarotzera ia inor ez dagoen hotel zahar batean, leku hori ezin hobea baita gaztearen ametsa betetzeko: beldurrezko film ikaragarri bat filmatzea. Jolasen, mamuen eta oroitzapenen artean —elementu horiek A story for the Modlin family (2012) filma gogorarazten dute—, zinemagileak familiaren artxiboak, aitona-amonen oroitzapena, banantzearen esperientzia eta etorkizuneko ziurgabetasunak aztertzen ditu, aitak eta semeak, gaur egun, beldurrezko zinemaren kodeak birsortzen dituzten bitartean. Horren guztiaren emaitza gailu zinematografiko bizi bat da, bizi-ibilbideak eta fikzio partekatuak elkartzen dituena eta oroitzapenaren orrialde idatziak eta oraindik idazteke daudenak aurrez aurre jartzen dituena.

Zabaldu:

Utzi erantzuna