Neguko Arte Azoka Gasteizen

Enebada Galeriak eta ARTgia sorgune & aretoak azoka berri bat sustatzeko indarrak batu dituzte. Gasteizko Neguko Arte Azoka, artearen salerosketa sustatu eta Arabako artisten erakuslehio izateko jaiotako ekimena dugu. “Sortzaile plastikoentzako behar beharrezkoa zen azoka sortu dugu”, azaldu du Kristina Urizarbarrena koordinatzaileak.

“Bigarren edizioa da. Ideia bururatu zitzaigunean ona iruditu zitzaigun, baina lan asko genuenez baztertuta utzi genuen, Eduardo Urra ezagutu genuen arte. Bera da Enebada arte Galeriako arduraduna eta gure artean sinergiak sortu ziren, biok Gasteizko auzoetan, erdialdetik at dauden arte galeriak ditugulako eta polita iruditu zitzaigun gabonei begira, baina etorkizunari begira bereziki horrelako ekimen bat bideratzea”, azaldu du Endika Caño ARTgia sorgune & areto-ko kideak.

“Handik gutxira Kristina Urizarbarrena agertu zen eta oso antzekoa zen ideia proposatu zigun, hitz egindakoaren lerrotik zihoana. Orduan erabaki genuen gure indarrak batu eta ametsak errealitate bihurtzea. Hitzetatik ekintzetara pasatzea”, dio Urrak.

Erakusketa abenduaren 20ra arte egongo da ikusgai. ARTgia sorgune & aretora gaur inauguratuko du eta urtarrilaren 14ra arte egongo da ikusgai. “Artistek hainbat artelan izango dituzte ikusgai Enebada!-n eta ARTgia-n. Helburua kultura erabiltzaileak bietara gerturatzea izaki, produktu desberdinak egingo dira bata eta bestean ikusgai egon daitezen eta hórrela, areto bakoitzak bere atmosfera propioa garatuko du”, azpimarratu du Urizarbarrenak.

Denetara 18 dira erakusketa honetan parte hartzen ari dren artistak: Nerea Mauleon, Ania Buruaga, Kruzart,  Eduardo Urra, Irantzu Lekue, Sonia Ruiz de Arkaute, Eduardo Alsasua, Bildotsne Arrizabalaga, Nathangar Skateboards, Aitor Salazar, Alessandro Zobaranne, Adriano Berera, Ángel Ramírez eta ines ortiz de zarate, besteak beste. “Hainbat ibilbide dituzten artistak tartekatu nahi izan dugu. Ibilbide oso emankor eta ezaguna dituztenak daude bertan eta baita emergenteak ere. Esperientzia eta gaztetasuna. Arabako artisten oraina eta geroa. Horregatik ahalegin berezia egin nahi izan dugu formatu desberdinak lortzen, kultur erabiltzaileek ere pieza ezberdinak eskura izan ditzaten”, dio Urrak.

Zabaldu: