(argazkia: EKE)

Nekatoenea egonaldian parte hartzeko deialdia zabalik

Euskal Kultur Erakundeak, Euskal Itsasbazterreko zentroak eta Euskal Idazleen Elkarteak Nekatoenea baserrian egonaldi berri bat antolatu dute. Interesa duten euskal idazleek ekainaren 6ra arte izango dute izena emateko epea zabalik. 

Hamabigarren aldiz, Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterreko zentroak eta Euskal Idazleen Elkarteak Nekatoenea baserrian egonaldi bat antolatuko dute Euskal Herriko idazleentzat. Pasa den urtean Abbadiako eremuan egonaldia egiteko Maialen Akizu idazle, bertsolari eta ikerlaria hautatu zuten. Oraingoan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete ekainaren 5a baino lehen helbide honetan: jfrahier@hendaye.com.

2020an eta 2021ean gertatu zen bezala, aurten ere hiru partaide sortzaileek Getariako Elkano Fundazioaren partaidetzaren gainean kontatzen ahalko dute gainera. Horrela, hamabigarren edizio hau, Juan Sebastian Elkano euskal esploratzailea eta marinel ospetsua nabarmentzeko aukera izango da berriz ere munduko lehen itzuliaren 500. urtemugaren karietara.

Aurtengo berritasuna, Juan Sebastian Elkano eta lehen mundubira honek izan dituen ondorioak edota izan dituen eraginen inguruko hausnarketa bat eramatea proposatzen zaie idazleei.

Hala, deialdia euskaraz idazten duten idazleei zuzentzen bazaie ere, literatura sorkuntzak Juan Sebastian Elkanoren pertsonaiarekin lotua den gai bat edo gehiago jorratu beharko ditu: nabigazioa, esplorazioa, aurkikuntza, kartografia, astronomia, ontzigintza eta abar. Bestalde, publiko gazteari zuzendutako proposamenak “begi onez ikusiak izanen dira” adierazi dute antolatzaileek. Partaide diren lau egituretako ordezkari banaz osatutako epaimahai batek egingo du hautaketa aurkeztutako egitasmoen artean.

Kultur erakundeek prestatzen duten egonaldia 202eko urritik abendura bitartean izango da eta idazleari hilabete baterako 1.500 euroko beka emango diote. Egonaldia bukatu ondoren, Hendaian eta Getarian topaketak antolatuko dira idazlearekin.

Zabaldu: