Nerea Apodaka eta Uxue Ruiz de Arkauteren ‘Peregrina’ erakusketa ikusgai, Bilbon

Otsailaren 26ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan, Bilbon.

Bizkaiko Batzar Nagusiek eta EHUko Arte Ederren Fakultateak Nerea Apodaka eta Uxue Ruiz de Arkaute artisten Peregrina erakusketa aurkeztu dute. Erakusketa Bizkaian prestatutako artisten talentu gaztea erakusteko, bi erakundeek orain dela hamar urte abiatutako akordioaren barruan sortu da, eta sortzaile bi hauek moldeatu dituzten berrogeita hamar eskultura txiki biltzen ditu. Pieza horietan ideia eta irudi desberdinak elkartzen diren objektuak eta gorputzak ikus daitezke. “Objektua bera gurtzen dela esan dezakegu, bere gaia berreskuratuz”, azaldu du Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak aurkezpen ekitaldian.

Erakusketaren haria artistek Peregrina izenarekin ezagutzen den perla bati dioten liluratik eta, bide batez, hitz horren adieretatik sortzen da. Hala, sortzaile bakoitzak bere sormenerako bidea arakatu du material komunak erabilita. Ruiz de Arkautek arrotza denari egiten dio aurre, eta munduari babesleku moduan itzultzen dio. Apodakak, berriz, zati bereziak bildu, arraroa eta zaharkitua dena hartu eta balioa erakusten duten kapsula bihurtzen ditu. Sortzaileen arabera helburua “aurkezten diren eta berez erakargarriak eta, aldi berean, elkarren artean erlazionagarriak diren objektuzko gorputzak” erakustea da.

Peregrina erakusketa otsailaren 26ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera. Sarrera librea izango da.

Zabaldu: