Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi, Jon Kortazar epaimahaikideek aipamen berezia egin diote Aitor Oñate idazlearen Tractatvs de familiis eta aliis pestibvs lanari.
Kutxa fundazioak Literatura Sarien Kontakizun eta Antzerkiaren 58. edizioko irabazleak ezagutzera eman ditu. Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik, Jon Kortazarrek osatutako epaimahaiak Euskarazko Kontakizun bildumarik onenaren saria Nerea Arrien idazleari ematea erabaki du Bazterreko batzuk lanarengatik. Ainara Gurrutxaga, Amancay Gaztañaga, Iñaki Cid epaimahaikideek, berriz, Jon Gerediagaren Kontuz, Ikaro! Lana aukeratu dute Euskarazko Antzerki onenaren sarirako.
Aitortza hauei esker, 15.000 euro jasoko ditu haietako bakoitzak eta Elkar argitaletxeak haien lanak argitaratuko ditu.
Horretaz gain, Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi, Jon Kortazar epaimahaikideek aipamen berezia egin diote Aitor Oñate idazlearen Tractatvs de familiis eta aliis pestibvs lanari.
Gaztelaniazko sariak
Maria Goirizelaia, Lucia Carballal eta Alberto Conejero epaimahaikideek hala erabakita, Ernesto Isen Río rojo lanak eraman du Gaztelaniazko Antzerki onenaren saria. Marcelo Lujan, Angel Basanta, Espido Freire epaimahaikideek, berriz, Gaztelaniazko Kontakizun liburu onenaren saria ez ematea erabaki dute. Euren iritziz, “aurrez hautatutako liburuek ez dituzte, hainbat arrazoi direla medio, Kutxa Fundazioaren sariaren tamaina eta ospea duen saria lortzeko behar diren merituak. Ipuin onak irakurri badira ere, kontakizun-liburu bakar batek ere ez du lortzen oinarrietan ezarritako kalitate literarioaren irizpideen arabera eskatutako maila”.
Kutxa Fundazioaren arabera, Literatura Sariak ibilbide luzea eta sendoa duen lehiaketa da. “Urteen poderioz, garai bakoitzeko gizartearekin eta literatura-joerekin elkarrizketan aritu dira sariok, eta ahots berrientzat zein ospe handiko egileentzat topagune pribilegiatu bilakatzen joan dira”.