(argazkia: Alberto Elosegi)

Nerea Ibarzabal garaile Baionan jokatutako finalaurrekoa

Baionako Laugan larunbatean izandako finalaurrekoan 2.000 bertsozaletik gora elkartu ziren; Saio honen ondoren azken finalaurrekoa bakarrik geratzen da.

Baionako Laugan izan zen larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa eta 2.000 bertsozaletik gora elkartu ziren bertan. Asteburu honetako saioa jokatuta, azken finalaurrekoa bakarrik geratzen da. Datorren larunbatean izango da Bilboko Bizkaia frontoian.

Ainhoa Larretxea Agirre aritu zen larunbatean gai jartzaile lanetan eta haren atzetik igo ziren oholtzara bertsolariak, zozketak erabakitako ordenan: Eñaut Martikorena Lizaso, Beñat Gaztelumendi Arandia, Nerea Ibarzabal Salegi, Unai Agirre Goia, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Julio Soto Ezkurdia. Seikoteak lan guztiak egin ondoren Nerea Ibarzabalek lortu zuen puntu gehien biltzea, 671,5 puntu. Hurrenez hurren, horrela geratu ziren beste bostak: Sustrai Colina 668 punturekin, Beñat Gaztelumendi 656,5 punturekin, Julio Soto 643,5 punturekin, Unai Agirre 639,5 punturekin eta Eñaut Martikorena 584 punturekin.

Larunbatean hurrengo ariketak egin zituzten bertsolariek: ofiziotan hamarreko txikian, zortziko handian eta zortziko txikian, eta ganbarako lanean bi puntu-erantzun eta bakarka hiruna bertso.

Epaile taldea hurrengoek osatu zuten: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Gorka Segurola Dorronsoro eta Joxe Mari Altuna Berridi aritu ziren.

Azkena, Bilbon

Larunbateko saioa jokatuta, finalaurreko bakarra geratzen da abenduaren 18an Nafarroa Arenan jokatuko den finalaren aurretik. Abenduaren 3an jokatuko da finalaurreko hori, Bilbon. Sarrerak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

Zabaldu: